Zis gizonak ikusten ditugu oholtzan. Betidanik irakatsi digute gainerako identitate disidenteen lekua publikoarena dela eta gezur hori behin eta berriz ikusi ondoren, egi bihurtu da. Botere harremanen bitartez, oholtzara igotzeko behar den ahalduntzea, segurtasuna eta ausardia gutxi batzuen esku egon da.
Nazkatuta gaude. Orain arte isilik egon gara, beste batzuen showa ikusten, baina hori amaitu da. Feminismoak erakutsi digu gauzak ez direla horrela, edo ez luketela izan beharko. Feminismoak ahalduntze, segurtasun eta ausardia horiek geureganatzeko eta botere harreman horiek erabat hausteko aukera eman digu.
Horregatik, oholtzak irauli nahi ditugu! Zis gizonei protagonismoa kendu eta bestelako subjektuei ikusgarritasuna eman nahi diegu, bestelako erreferenteak nahi ditugulako. Baina gure helburua ez da soilik espazioak hartzea, alferrik delako sakoneko aldaketak ez baditugu burutzen. Ez ditugu oholtzaren gainean rol berberak erreproduzitu nahi. Ez dugu itxurazko iraultza bat nahi. Mamarruak bezala, oholtzak eta kontzientziak astintzera gatoz.
"Gure helburua ez da soilik espazioak hartzea, alferrik delako sakoneko aldaketak ez baditugu burutzen"
Euskal Mitologiako izaki txiki eta bihurriak dira Mamarruak, eta guk hauen esentzia geureganatu dugu nahi dugun guztia izateko. Mamarruak identitate disidente eta zapalduak gara: mamarratxak, bollerak, transak, ez binariak, emakumeak, gorputz disidenteak, arrazializatuak, putak, subiditak, putikornioak, barriobajerak... Jakin badakigu manifestu honen atzean gaudenok ez garela hori guztia, eta guk ere pribilegioak ditugula. Arazoren bat sortzen baldin badizugu, gurekin hitz egitera gonbidatzen zaitugu, guk geure ardura har dezagun.
Guzti hori dela eta, musika festibal bat aurrera eraman nahi dugu espazio berriak sortzeko helburuarekin. Espazio irekiak, anitzak, inklusiboak eta seguruak. Elkarrekiko babesean eta zaintzan sinisten dugu. Horregatik, gure artean sareak sortu nahi ditugu elkarrekin hazteko eta ikasteko. Elkarren arteko ikasketa eta kultura ez merkantilizatua ardatz izanik, festibalean ez dira soilik kontzertuak egongo, mota askotariko tailerrak eta bestelako ekintzak ere egongo dira.
Ohiko jai ereduarekin apurtu nahi dugu. Oholtzatik hasita, eta hortik harago, oso erraza baita jai ereduarekin topo egitea. Horregatik kontsumoan fokua jartzea behar-beharrezkoa ikusten dugu. Ez dugunez kriston desfasea bilatzen, soilik edari fermentatuak edota etxekoak saltzea erabaki dugu. Hala ere, desfase hori ematen bada, barra ixteko eskubidea guretzako gordeko dugu.
Keari dagokionez, zuen inguruko izakiengan (gizakiak eta beste animalia batzuk) pentsatzera gonbidatzen zaituztegu. Ez dugu inor behartuko, baina zera proposatzen dizuegu: espazio itxiak kerik gabeko espazio bilakatzea lortuko al dugu?
"Ohiko jai ereduarekin apurtu nahi dugu eta kontsumoan fokua jartzea behar-beharrezkoa ikusten dugu"
Drogak desmobilizazio estrategia baten baitan ulertzen ditugu, baina halere kontsumitzeko asmoa baldin baduzu, kontsumo kontzienterako deia luzatzen dizugu. Ailaket-ek gune bat izango du festibalean horretarako. Zaintza erdigunera eraman nahi dugu, horregatik jarrera guzti hauek oso garrantzitsutzat hartzen ditugu.
Jaten duguna garelako, kasu honetan ere, kontsumo kontzientea bultzatu nahi dugu. Horregatik, produktu guztiak bertakoak edo birziklaturikoak izan daitezen saiatuko gara. Gainera, guzien jatorria ezagutzera emango dugu.
Antikapitalistak gara eta autogestioan sinisten eta bizi nahi dugu. Kontuan izan Errekaleor auzo askean burutuko dela festibala, beraz, mesedez, zaindu ditzagun ingurunea eta auzokideak.
Honekin batera, gogoratu Errekaleorren elektrizitatea eguzki plaketatik datorrela eta energiaren erabilera mugatua dagoela bertan.
Euskaraz hitz egitera gonbidatzen zaitugu.
Ez dugu inolako erasorik onartuko, ezta jarrera autoritariorik, arrazistarik, matxistarik, espezistarik, kapazitistarik ezta LGTBfoborik ere. Ematen badira, protokolo ezberdinak martxan jarriko dira eta hauen aurrean erantzun bateratua emango dugu.
Hau dena burutzea ez da erraza izango, horregatik guztion laguntza behar dugu. Jarrai dezagun espazio berriak sortzen. Jarrai dezagun gure artean saretzen eta elkarren arteko zaintza sustatzen.
Jarrai dezagun musikaz disfrutatzen.