Festibalaren lehenengo geltokia otsailaren 1ean izango da, larunbat honetan, Gasteizko Gaztetxean egingo duten aurkezpen jaialdian.
Egitaraua 18:00etan hasiko da Autogestioa, musika eta feminismoa izenburupeko mahainguruarekin; bertan izango dira Miren Narbaiza (MICE), Plum (La Xeta Paxote), Belen Nevado (La Xeta Paxote), Oihana Alberdi kontzertu eragilea eta Ana Barvill (Dizerdit taldeko baxujolea), besteak beste.
Mahainguruaren ostean, 21:00etan hasiko dira kontzertuak. Emanaldi nagusiak MICE eta Kontra Adiktion taldearen aurkezpen kontzertua izango dira, baina freestyle eta sorpresa gehiago egongo dira. Ondoren, Pendrive Gaua hasiko da gaueko hamabietatik aurrera, DJ Komando Klitorix eta DJ Rosamariren eskutik.
Gau honen ostean, maiatzaren 8an, 9an eta 10ean Errekaleorren ospatuko duten lehenengo Mamarru Fest-a antolatzeari ekingo diote.
"Mamarruak bezala, oholtzak eta kontzientziak astintzera gatoz"
"Zis gizonak ikusten ditugu oholtzan. Betidanik irakatsi digute gainerako identitate disidenteen lekua publikoarena dela eta gezur hori behin eta berriz ikusi ondoren, egi bihurtu da", adierazi dute gaurko agerraldian lehen aldiz plazaratutako manifestuan.
Gasteizko Gaztetxearen atarian azaldu dute feminismoak erakutsi diela gauzak ez direla horrela, "edo ez luketela izan beharko". Horregatik, oholtzak irauli nahi dituzte, "zis gizonei protagonismoa kendu eta bestelako subjektuei ikusgarritasuna emateko".
Hala ere, Mamarru Fest festibalarekin ez dute soilik espazioak bereganatzeko asmoa; sakoneko aldaketak egin nahi dituzte: "Ez dugu itxurazko iraultza bat nahi".
Eta nondik dator festibalaren izena? "Euskal Mitologiako izaki txiki eta bihurriak dira Mamarruak, eta guk hauen esentzia geureganatu dugu nahi dugun guztia izateko". Izan ere, identitate disidente eta zapalduak festibalaren oinarrian kokatu nahi dituzte.
Musika festibal bat baino gehiago
Proiektua musikaz harago doa, baina "espazio berriak, irekiak, anitzak, inklusiboak eta seguruak" sortzeko helburuarekin jarri dute lehen mugarria.
"Elkarren arteko ikasketa eta kultura ez merkantilizatua" dute ardatz eta zaintza erdigunean kokatu nahi dute, eta horregatik, festibalean ez dira soilik kontzertuak egongo; mota askotariko tailerrak eta bestelako ekintzak ere egingo dituzte.
Oholtzatik hasita, ohiko jai ereduarekin apurtu nahi dute, eta horretarako, fokua kontsumo ereduan jarriko du Mamarru Fest-ak.
Adibidez, soilik edari fermentatuak edota etxekoak saltzea erabaki dute. Gainera, inor behartu gabe ere, festibala kerik gabeko espazio gisa ulertzera gonbidatu dituzte erretzaileak. Drogei dagokionez, "kontsumo kontzienterako" deia luzatu dute, eta Ai Laket! elkarteak gune bat izango du bertan. Guzti horrez gain, "produktu guztiak bertakoak edo birziklaturikoak" izateko asmoa dute.
Azkenik, mota guztietako balizko erasoen aurrean protokoloak jarriko dituzte martxan, "erantzun bateratuak" emateko helburuarekin.