Udal etxebizitza hutsak gizarte arazoei irtenbidea emateko erabiltzea exijitu dute

Erredakzioa 2020ko eka. 2a, 13:56
Manu Arakama (Gasteiz Txiki) eta Amelia Barquin (Auzoan Bizi plataforma). / GASTEIZ TXIKI

Pandemia garaian larriagotu egin diren oinarrizko gizarte eskubideen "urratze larriei" irtenbide bat emateko udal etxebizitza hutsak erabiltzea proposatu dute Gasteizko zein Alde Zaharreko hainbat eragilek.

Alde Zaharreko Gasteiz Txiki auzo elkarteak eta Auzoan Bizi plataformak, Eskubide Sozialen aldeko Plataformaren, CEARen, Talkaren eta Inor Ez Etxerik Gabe ekimenaren babesarekin, Gasteizen "oinarrizko gizarte eskubideen urratze kasu larriak" gertatzen ari direla salatu dute, eta hiriko arduradun politikoen jokabidea gogor kritikatu dute, astearte goizean egindako agerraldian.

Izan ere, maiatza hasieran, pandemia betean, Gasteizko Udalak hiru adingabeko familia kale gorrian utzi zuela ezagutu genuen, ARGIA hedabidearen bitartez. Alde Zaharreko eragileek uste dute ez dela isolatutako kasu bat: "Argi dago pertsona asko atzean uzten ari direla", ziurtatu dute. Azaldu dutenez, familia askoren egoera okertzen ari da pandemia eta larrialdi egoeran, eta erakundeen erantzunak "arindu beharrean, egoera batzuk okertzen lagundu" duela salatu dute.

Egoera honen aurrean, besteak beste, udal etxebizitza hutsak gizarte arazo larriei irtenbidea emateko erabiltzea eskatu dute.

Hiru adingabeko familia kale gorrian

Maiatzaren 10ean, ARGIAk Gasteizko familia baten kasua argitaratu zuen. Larrialdi egoeraren erdian, gizarte-laguntzailearekin harremanetan zeudela, bikotea eta hiru seme-alaba konfinamendua pasatzen ari ziren gelatik bota zituzten, eta kalean gelditu ziren.

Udal larrialdi-zerbitzuen aldetik alternatiba ezean, Olarizuko etxebizitzetara iritsi ziren, urik eta argirik gabe. Bertan, "poliziaren presio jarraitua" jasan behar izan zutela salatu dute Gasteiz Txikik eta Auzoan Bizik.

Egoera horrek hiru aste iraun du: gaurko agerraldiaren deialdia publiko egin zenean -joan den ostiralean-, Gizarte Zerbitzuen dei bat jaso zuten, familiarentzako behin behineko egoitza-irtenbide bat topatu zutela adierazteko.

Pandemia betean kale gorrian geratu zen hiru adingabeko familia. / ARGIA

 

Gizarte zaurgarritasunaren adibide bat

"Honakoa Gasteizen erakunde publikoak gizarte zaurgarritasun egoera larrian dauden pertsonak atzean uzten ari diren adibide bat da", ondorioztatu dute Alde Zaharreko eragileek.

Kasu honetan, familiak bere egoera salatu zuen, eta hainbat faktore direla medio, irtenbide bat topatu zuen: "Baina zer gertatzen ari ote da zaurgarritasun egoera beragatik blokeatuta edo ezintasunean dauden beste familia askorekin?", galdetu dute.

Eragile horiek azaldu dutenez, aipatutako familia Gasteizera asilo-eskatzaile gisa iritsi zen: "Hiru adingaberekin, pandemia egoera betean, eta etxebizitza batera sartzeko inolako aukerarik gabe, udalaren irtenbide bakarra beste udalerri baterako autobus txartela eskaintzea ote da?", kritikatu dute.

"Nola liteke gai ez izatea berehalako erantzun bat emateko premian dauden pertsona eta familiei, haien eskubide oinarrizkoenak bermatzeko?", galdetu diete Gasteizko Udalari eta administrazio publikoei.

Gizarte Politiketako Saileko zinegotzi Jon Armentia (PSE). / GASTEIZKO UDALA

 

Gizarte Politiketako saila, zalantzan

"Argi eta garbi ikusten da hiriko egoera ez dela Gizarte Politiketako, Adineko Pertsonen eta Haurtzaroaren Saileko zinegotziak irudikatzen duena", adierazi dute, Jon Armentia zinegotziari buruz.

Alde Zaharreko bizilagunek gogorarazi dutenez, apirilaren 20ko Gizarte Politiketako Batzordean, bere sailak gizarte-larrialdiko kudeaketan hartutako neurrien berri ematean, hainbat adierazpen egin zituen zinegotziak: "Gaur egungo testuinguruan, ezinezkoa egiten ari gara egoera ahulenean dauden pertsonei babesa, arreta eta zaintza eskaintzeko".

Armentiak "etxerik ez duten edo gizarte-bazterketa jasateko arriskuan dauden pertsonen" kasua aipatu zuen Batzordean, eta gaineratu zuen: "Saihestu egin behar dugu edozein herritar abandonatua edo laguntzarik gabe geratzea gizarte-gaietan, etxebizitzarako sarbidean edo eskubideen babes kontuetan. Ez dugu inor atzean utziko".

Agerraldian parte hartu duten eragileek, ordea, zinegotziaren hitzak zalantzan jarri dituzte.

Eta, are gehiago, antzeko egoeran dauden pertsonei laguntza eskaini dieten hainbat bizilagunek poliziaren salaketak jaso dituztela salatu dute. Besteak beste, kale gorrian gertatu zen familiaren kasuan, Udaltzaingoak kazetari baten lana oztopatu zuela salatu zuen ARGIAk; eta kazetariaz gain barruan zeuden beste hiru pertsonei isun bana ezarri zieten udaltzainek.

Etxebizitza hutsak

"Nola liteke Udalak eta Eusko Jaurlaritzak dituzten ehunka etxebizitza hutsak behar dituzten pertsona eta familientzat berehala ez eskaintzea?", galdegin dute agerraldian parte hartu duten eragileek: "Non dago inor atzean ez uzteko konpromisoa? Non, pandemia bitartean familia bat ere etxebizitzarik gabe ez geratzeko promesa, edo ez irtenarazi eta ez etxegabetzearena?".

Joan den maiatzaren 21ean, Jon Armentia zinegotziak plan bat iragarri zuen etxebizitza-esklusioaren kontra borrokatzeko, hari "erantzun bizkorra" emateko asmoarekin. Bertan, 21 Zabalgunearen jabegoko etxebizitzak epe luzeko alokairura bideratuko zirela adierazi zuen, "egokitzat" jotzen diren kasuetan.

"Udal etxebizitza hutsak arazo larri horiei irtenbidea emateko erabiliko dela" espero dute agerraldia babestu duten eragileek.

Eta egoera horiek publikoki salatzeko deia egin dute: "Salaketa horiek publiko egin behar dira, agintariek eta arduradunek behingoz bete dezaten dagokien betebehar sozial eta etikoa", adierazi dute. Eta zaurgarritasun egoeran egon daitezkeen pertsona guztiei "lehentasunezko arreta" eskaintzea exijitu dute, "promesa instituzional hutsak albo batera utziz".

Azkenik, elkar laguntzeko komunitate sareak sortzearen eta daudenak indartzearen beharra azpimarratu dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide