Sindy Rodriguez eta Willmar Diaz kolonbiarrak dira. Haien herrian bizi zuten biolentzia girotik ihesi heldu ziren Gasteizera 2018ko irailean, 13, 8 eta 5 urteko Aitor, Francisco Jose eta Aaron semeekin batera (semeen izenak asmatuak dira). Gasteizen CEARen eskutik asilo politiko eskaera egin zuten, elkartearen Alde Zaharreko aterpean bizi izan ziren garai batez, eta auzoaren bizitzan integratu ziren. Hilabete batzuetara Valentziara lekualdatu ziren CEARek proposatuta, eskaeran aurrera egiteko helburuarekin. Abenduan gobernuaren ezetza jaso zuten, hilabeteko epean lurraldetik irtetera "gonbidatuz". Epea gaindituta, legez kanpoko herritarrak izango ziren –hala dira jada–. Esku-hutsik, Gasteizera bueltatu ziren.
ARGIA familiarekin kontaktuan jarri zen apirila hasieran, konfinamendua pilatuta pasatzen ari direnen errealitatea ezagutaraztea helburu zuen erreportaje baterako. Bostak gela bakarrean bizi ziren orduan, lo egiteko koltxoirik ere ez zutela. Aurrezkirik eta diru-sarrerarik gabe, Alde Zaharreko zaintza sareen eta pobretuak laguntzeko elkarteen bitartez lortzen zuten jatekoa. Egoerak are okerragora egin zuen ondoren: ordura arte gela utzi zien etxeko jabeak kanporatu egin zituen.
Albiste hau ARGIAk argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Zigor Oleagaren jatorrizko erreportajea eta informazio osatuagoa hemen duzu ikusgai.