Informazio Eskubidea

Gasteizko Udaltzaingoak kazetari baten lana oztopatu zuela salatu du ARGIAk

Erredakzioa 2020ko mai. 13a, 10:20

Ostegun gauean, Gasteizko Udaltzaingoa Olarizun okupatutako etxebizitza batean sartu zen; bertan lanean ari zen kazetari baten lana oztopatzen saiatu zela salatu du ARGIAk, "desalojoaren lekukotasun grafikorik egon ez zedin".

Pandemia betean zerbitzu sozialek kale gorrian utzi duten familia bat bizi da bertan, hiru adingaberekin. Udaltzainak legez kanpoko desalojoa egiteko asmoarekin agertu zirela azaldu du ARGIAk; une horretan, kazetaria eta familiaren ezagunak diren beste hiru pertsona zeuden etxean.

Azaldu dutenez, familiakoak ez zirenei kalera irtetea agindu zien poliziek. Orduan, ARGIAko kazetariak telefonoa atera zuen gertatzen ari zena dokumentatzeko, eta ondoren bere hedabidean horren berri emateko.

"Mehatxuzko tonua" erabiliz kazetariari mugikorra erabiltzea oztopatzen saiatzea leporatu dio ARGIAk operatibo honetan parte hartu zuen udaltzain bati.

Polizia grabatzeko eskubidea

"Edozein funtzionario publiko espazio publikoan lan egiten ari den bitartean argazkiak ateratzeko edo grabatzeko eskubidea dugu herritarrok, kazetariak izan ala ez", gogorarazi du ARGIAko lantaldeak.

Eta egia da: legearen arabera, argazki horiei ematen zaien ondorengo erabilera okerra balitz, delitu edo isun administratiboa ezartzeko arrazoia egon daiteke. Baina inolaz ere herritar bati mugikorra kentzeko eta desobedientzia delitua leporatzeko, kasu honetan bezala.

Elkarrizketa entzun zuten poliziakideak isilik geratu zirela kritikatu du ARGIAk; hala ere, grabatuta ez dagoen arren, Udaltzaingoaren auto gehiago heldu zirenean, operatiboaren arduradunak berak argitu zion udaltzainari kazetariak nahi beste argazki ateratzeko baimena zuela.

"Mugikorra ez erabiltzeko agintzen dizut"

Kazetariaren eta udaltzainaren arteko elkarrizketaren hainbat pasarte transkribatu ditu ARGIAk:

- Ez erabili mugikorra

- Argazki bat aterako dut

(...)

- Ez ezazu argazkirik atera!

- Argazki bat ateratzeko eskubidea dut.

- Eskubide asko dituzu, baina betebeharrak ere bai.

- Ondo, ba...

- Agintzen dizut orain mugikorra ez erabiltzeko.

(...)

- Kazetaria izan gabe ere eskubidea dut.

- Nik bi edo hiru aldiz esan dizut argazkirik ez ateratzeko.

- Eta nik esaten dizut eskubidea dudala. Gainera, eskubidea dut kazetaria izatetik harago. Eta hori ez diot nik, Espainiako Konstituzio Auzitegiak dio.

- Nik desobedientziagatik salatuko zaitut. Zer iruditzen zaizu?

- Nahi duzun bezala.

- Ez ateratzeko guri argazkirik, jauna!

- Funtzionario publiko bat zara, kalean, leku publiko batean lanean ari dena...

- Ez ateratzeko argazkirik!

- ...eta epaileek diote eskubidea dugula argazkiak ateratzeko... pertsona guztiek, ez kazetariok soilik. Eta gero isuna jarri dezakezue argazki horien erabileraren arabera.

- Momentuz, desobedientzia.

- Zuk ikusiko duzu.

- Esan dizut mugikorra ez erabiltzeko.

- Baina nik eskubidea dut, ezin didazu sudur puntan jartzen zaizun agindua eman.

- Bai, bai, eman diezazuket! Zilegi den agindu bat ematen ari naiz. Ez erabiltzeko mugikorra...

- Nik diot ez dela zilegi.

- Kendu egin diezazuket.

- Ezin didazu kendu.

- Ezetz? Kendu egin diezazuket eta amaitzen dudanean itzuli.

- Nahi dudan argazkiak ateratzeko eskubidea dut, kazetaria izan edo ez.

Legez kanpoko desalojoa

ARGIAk azaldu duenez, legearen arabera, poliziak ezin du etxe batera "nahi bezala" sartu okupatuta egonagatik. Legeak bi arrazoi onartzen ditu baimenik gabe sartzeko: unean bertan egiten ari den delitu bat ekiditea, edo agindu judizial bat izatea.

Betiere, poliziak pertsonen intimitate eskubidea errespetatu behar du, eta etxean baimenik gabe sartzea intimitatea urratzea dakar. Gainera, gutxieneko esku-hartzearen printzipioak gidatu behar du poliziaren ekinbidea.

Olarizuko etxebizitza honen kasuan, baimenik izan ezean, etxean sartu gabe bizilagunak identifikatu eta jakinarazpenak egitea litzateke prozedura egokia. ARGIAk salatzen duenez, Udaltzaingoak ez zuen protokoloa errespetatu: "tonu oldarkorrean" zabaltzeko agindu zuten eta bertan bizi diren pertsonak identifikatu zituzten, etxegabetze espediente bat irekiko zietela jakinaraziz.

Gainera, kazetariaz gain barruan zeuden beste hiru pertsonei isun bana ezarri zieten udaltzainek.

ARGIAk argitaratutako jatorrizko albistea eta informazio osagarria hemen dituzu ikusgai.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide