Koronabirusa

Lore-eskaintza, pandemia bitartean zendu direnen omenez

Erredakzioa 2020ko eka. 1a, 14:45

Gorka Urtaran Covid-19aren pandemia bitartean zendu diren pertsonen omenez Salburuko Atarian egindako lore-eskaintzan izan da. Pertsona kuttunak galdu dituztenei doluan laguntzeko Betirako programa aurkeztu dute bertan.

Omenaldi-ekitaldian nenufarrak eta arrosak ipini dituzte Natura interpretatzeko Ataria zentroan, Salburuan. Gorka Urtaran Gasteizko alkatearekin batera, Eusko Jaurlaritzako Enpleguaren eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek eta pertsona kuttunen bat galdu ondorengo doluan laguntzen duten zenbait kolektibo sozialetako ordezkariek parte hartu dute.

Gainera, ekitaldian Udal Musika Bandaren metal-boskote bat eta Gasteizko udal txistularien banda izan dira.

Betirako programa

Eusko Jaurlaritzak Betirako programa aurkeztu berri du, osasun krisialdian gertuko pertsonak galdu dituztenei doluan laguntzeko. Programaren xedea dolu traumatikoaren konplikazioak prebenitzea da.

Gaurtik aurrera, psikologo profesionalek artatutako doako zerbitzua martxan dago, eta 900 908 744 telefonoaren zein www.betirako.org webgunearen bitartez laguntza emango die pandemia garaian zendu diren pertsonen senide eta adiskideei.

Eusko Jaurlaritzak aurreikusi du 400 familia inguruk joko dutela zerbitzu horretara, laguntza eske; zerbitzua nahi duen ororentzako irekia dago.

Osasun-zentroetan eta udalen oinarrizko gizarte zerbitzuetan programa gizarteratzeko kanpaina bat egingo da

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago