Koronabirusa

750.000 euroko laguntzak Gasteizko merkatari, ostalari eta enpresa txikientzat

Erredakzioa 2020ko eka. 1a, 14:55

Astelehen honetan 11 aste bete dira alarma egoera ezarri zenetik. / ALEA

Gasteizko Udalak 750.000 euroko partida onetsi du, merkatari, ostalari eta enpresa txikientzat. Maskara, gel eta desinfektatzaileen gastuetarako izango da, baita Covid-19aren prebentziorako beste gastu batzuetarako ere.

Maider Etxebarria zinegotziak gidatutako Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Sailak eskatuta, Tokiko Gobernu Batzarrak 750.000 euroko partida bat onetsi zuen ostiralean, Gasteizko merkataritza eta ostalaritza establezimenduei zein mikroenpresei Covid-19aren krisiak eragindako gastuak ordaintzen laguntzeko. Zehazki, hamar langile baino gutxiago dituzten hiriko enpresa txikientzat izango dira laguntzak.

Laguntza horiek Gasteizko Ekonomia Suspertzeko Planean jasotzen dira, eta hiriko sektore ekonomikoen eskaera nagusietako bati erantzuten diote. Diruz lagundu daitezkeen gastuen artean maskarak, eskularruak, aurpegia babesteko pantailak, manparak, prebentzio eta higiene sanitarioko materiala, eta instalazioak desinfektatzeko materiala daude, hala nola gel edo xaboi desinfektatzaileak.

Birusak eragindako aholkularitza eta kontsultoria gastuak ere finantzatuko dira partida horren bitartez, baita itxialdian egindako eraldaketa digitalarekin lotutako inbertsioak ere.

Deialdia Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita aurkeztu ahalko dira eskabideak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago