Hamar egun iraungo du Espainiako estatuan egingo den dolu ofiziala, eta Gasteizen bat egin du, ekainaren 6ko 00.00ak arte. Astearte gozean, udaletxeko banderak makila erdira jaitsi dira, Covid-19arengatik hil diren pertsonei dolua adierazteko. Horretaz gain, xingola beltza jarri da udaletxeko balkoi nagusian, "dolua eta begirunea" adierazteko.
Gorka Urtaran alkateak pandemian hil diren pertsonekiko eta familiekiko elkartasuna adierazi du Udalaren izenean: "San Prudentzio egunean ere adierazi zuen dolua Udalak, banderak makila erdian jarriz, eta gaur gauza bera egin dugu, Ministro Kontseiluak estatu osorako erabaki duen dolu ofizialarekin bat eginez".
Dolu-aldi hau estatua osoan 1978tik egindako luzeena izango da. Alkateak iragarri duenez, aurrerago omenaldi bat egingo zaie Gasteizen pandemiaren eraginez izandako biktima guztiei.
Gaur, minutuko isilunea
Halaber, Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak bat egin dute EUDELek deitutako minutuko isilunearekin. Gaur 12:00etan, Plaza Berrian eta Probintzia plazan, Covid-19aren pandemian hildako pertsona guztiak gogoan izan dituzte.
Udalbatzaren izenean, Gorka Urtaran alkateak gogoan izan du "Gasteizko gizartearen atsekabe sakona". Biktimn familiei zuzendutako hitzak ere izan diru: "Gure komunitateak 300 pertsona baino gehiago galdu dituelako eta pandemiarengatik zaila edo ezinezkoa izan delako haiek agurtzea. Beti izango ditugu gogoan. Haiei eta haien familiei gure berotasuna eta maitasuna helarazi nahi diegu".
350 hildako baino gehiago Araban
Otsailaren 28an atzeman zen lehendabiziko koronabirus kasua Gasteizen. Osasun krisia hasi zenetik, 327 pertsona hil dira Gasteizen Covid-19aren gaitzagatik; Araban 350 lagun baino gehiago hil dira, baina oraindik ez dago datu zehatzik.
Bestalde, Osasun Sailaren azken datuen arabera, astelehen honetan ere, igandean bezala, ez da koronabirusak eragindako PCR positiborik atzeman Araban. Hortaz, bi egunez jarraian ez da kasu positibo berririk izan Araban.
Gainera, gaur egun, koronabirusa duten 63 pertsona daude ingresatuta Arabako ospitaleetan; horietatik, hiru lagun daude ZIUn.