Talka espazio feminista desalojatu dute

Erredakzioa 2020ko mai. 8a, 18:33

Ostiral arratsaldean, Udaltzaingoa, Ertzaintza eta hainbat langile bertaratu dira Talka espazio feminista desalojatzeko; Hedegile kalean okupatutako lokalaren barruan zeuden kide guztiak kanporatu eta sarrera itxi dute.

Arratsaldeko 17:30ak aldera, lokalaren jabe legala den Adolfo Dominguez enpresako langile batzuk sarrera estaltzen saiatu dira, baina egun hauetan barruan egon diren Talkako hainbat kide iritsi dira, "agindu judizialik gabe" desalojoa "ilegala" dela ohartarazteko; langileek alde egin dute orduan.

Berriro sartzea lortu dute Talkako kideek, eta desalojoa eten egin dute hasiera batean; hala ere, Ertzaintzak kide guztiak kanporatu eta desalojoa gauzatu ondoren, kanpoko pertsiana giltzarrapoz itxi dute.

20:00etatik aurrera bertaratzeko eta espazioa "defendatzeko" deia luzatu dute. Horretarako, "osasun neurriak errespetatuz" Hedegile kaletik paseatzea eta "zarata egitea" proposatu dute.

 

Atxiloketak eta identifikazioak protestetan

Ertzaintzak gutxienez bi pertsona atxilotu eta identifikazio ugari egin ditu desalojoaren aurkako protestetan. Gainera, Hala Bediko kazetari bat identifikatu eta telefonoa kendu diotela salatu dute:

 

 

 

Desalojoa "ilegala" dela salatu du Talkak

ALEAri azaldu diotenez, lokala tapiatzeko saiakeraz 17:30ean jakin dute Talkako kideek, eta "desalojo ilegala" deritzotena geldiaraztera hurbildu dira: "Abendutik daramagu espazioari bizia ematen eta ez zaigu inolako prozedura legalik jakinarazi gure jarduna bertan behera uzteko", ziurtatu dute.

Atea tapiatzen ari zen langile bati agindu judiziala eskatu diote, baina agindurik ez zuenez alde egin duela azaldu dute Talkako lagunek. Ertzaintzaren hainbat patruila bertaratu dira, baina ordurako langileak ez zeuden bertan.

Adolfo Dominguezen langileek zerraila hautsi dutela ziurtatu dute Talkatik; eta hori "aprobetxatuz", polizia Talka espaziora sartzen saiatu dela diote.

Barruan zeuden kideak identifikatu dituzte, eta Herritarren Segurtasunerako Legea -Mozal Legea- aplikatuko zaiela ohartarazi die Ertzaintzak, alarma egoeran bizitokik kanpo egoteagatik. Usurpazio delitu bat ere leporatu diete.

"Alarma egoera gure kontra baliatu daitekeela agerian geratu da, gure eskubideak urratzen", salatu dute Talkako kideek, eta polizia "segurtasun pribatu gisa, enpresari eta espekulatzaileen alde" erabiltzea salatu dute

Kazerolada hasi duten auzokideei eskerrak eman dizkiete: "Auzoak bakarrik salba dezake auzoa".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago