Koronabirusa

Terrazetan emandako pilaketek polemika piztu dute Gasteizen

Erredakzioa 2020ko mai. 13a, 08:28

Bideoetan agertzen den Kupela Ardotxokoaren terraza astelehen eguerdian. / ALEA

Gasteiztar asko haserre agertu dira, eta alkateak egoera errepikatu ezin dela ohartarazi du. Bitartean, ostalari batzuek irudiak "errealitatetik urrun" daudela ziurtatu dute.

Terrazak irekitzeko baimena estreinatu zuten astelehenean Arabako ostalariek, baina goizeko giro lasaiaren ostean, arratsaldean pilaketak jazo ziren Gasteizko hainbat terrazatan. Asteartean normaltasuna izan da nagusi, eta ez da pilaketa handirik egon.

Gasteiztar askoren haserrea piztu zuten astelehen arratsalde osoan zehar sare sozialetan bolo-bolo zabaldu ziren irudiek; ez ziren asko martxan jartzera animatu ziren tabernak, baina irekita zeuden terraza gehienetan segurtasun neurriak eta distantziak mantentzeko zailtasunak egon ziren.

Bideo batzuk "errealitatetik urrun"

Zabaldutako bideoekin haserre agertu dira tabernari batzuk, ostalaritzaren sektoreari "min egiten" diotelako. Gainera, zalantzan jarri dute aglomerazioak ostalarien errua direnik; izan ere, irizpideen inguruko nahasmena nagusi da gasteiztarren artean.

Adibidez, Kupela Ardotxokoko arduradunak ALEAri azaldu dio irudietan agertzen dena "errealitatetik urrun" dagoela: "Perspektibak itxura eman dezake jendea pilatuta dagoela, baina ez", ziurtatu du.

Azaldu duenez, Udaltzaingoaren onespenarekin eta segurtasun neurriak errespetatuz antolatu zuen bere ardotxokoaren terraza, baina azken orduetan sare sozialetan zabaldutako kritikak entzun behar izan ditu.

Konfinamenduan ezarritako "gizarte poliziala" kritikatu du ere: "Jendeak ba al daki zein zaila izan den tabernak berrirekitzea?".

 

Alkatea haserre

"Gaurkoa ezin da errepikatu. Horrela ez dugu aurrera egiten. Bizikide ez direnen arteko bi metroko distantzia beti errespetatu behar da, baita tabernetako terrazetan ere", idatzi zuen Gorka Urtaranek Twitterren, asteleheneko 21:00ak aldera.

Alkateak neurriak errespetatzen ez dituztenek ertzainen eta udaltzainen isuna jasoko dutela ohartarazi du.

Isunak eta ohartarazpenak

Gasteizko Udaltzaingoak 44 establezimendu ikuskatu zituen astelehenean; horietako 22 ohartarazi zituen, eta zazpi lokalen aurkako salaketak jarri zituen. Lau salaketa terraza jartzeko baimenik ez izateagatik izan ziren, beste bi mahaien kopurua gainditzeagatik, eta bestea lokalaren barruan zerbitzatzeagatik.

Zer egin daiteke lehenengo fasean?

Egunotan gorabehera asko eta azken orduko aldaketa ugari egon dira lehenengo fasean Eusko Jaurlaritzak herritarrei emandako irizpideetan; hortaz, nahasmena nagusitu da gizartean. Badaezpada, ALEAk gida praktiko bat osatu du: Zer egin ahal izango dut deseskalatzearen lehenengo fasean?

Jarraian dituzue tabernei dagokionez EAEn ezarritako irizpideak:

Lagunekin eta senideekin elkartu naiteke

  • EAEren kasuan, soilik kalean edo terrazetan.
  • Gehienez 10 pertsona.
  • Betiere 2 metroko distantzia errespetatuz.
  • Ertzaintzaren azken irizpideen arabera, ez dago baimenduta talde txikiak etxean elkartzea.
  • Gasteizko Udaltzaingoaren irizpideen arabera, 10 pertsona baino gehiago elkartzea baimenduta dago, baita espazio itxietan ere.

Taberna eta jatetxeak ireki daitezke

  • Terrazak bakarrik.
  • Mahai bakoitzean 10 pertsona gehienez.
  • Betiere 2 metroko distantzia errespetatuz.
  • Eguneko edozein ordutan, 6:00etatik 23:00etara.
  • Ahalmenaren %50era mugatuta; hala ere, Gasteizko Udalak aldez aurreko ahalmena bikoiztea baimenduko du posible den kasuetan.
  • Zerbitzu bakoitzaren ondoren, mahaia desinfektatu behar da.
  • Txartelarekin ordaintzea eta datafonoa desinfektatzea lehenetsiko da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago