Koronabirusa

Zer egin dezaket deseskalatzearen lehenengo fasean?

Erredakzioa 2020ko mai. 18a, 09:00

Deseskalatzearen lehenengo etapara igaro da Araba. / Argazkia: MILA ZABALA

Araba deseskalatze-prozesuaren lehenengo fasean dago maiatzaren 11tik; hilaren 18an irizpide berriak ezarri dituzte, konfinamendua arintzeko.

OHARRA: maiatzaren 20an 9.30ean eguneratuta, irizpide berriekin:

  • Maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango da espazio publikoetan.

Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) argitaratutako agindua maiatzaren 21ean sartuko da indarrean, eta aire zabaleko espazioetan zein espazio publiko itxietan aplikatuko da, bi metroko distantziari eutsi ezin bazaio.

Espainiako Gobernuak ostegunean argitaratutako irizpideak eta gomendio orokor batzuk laburbildu ditugu ALEAn.

0. Ordu-tarteak mantenduko dira

  • Ordutegiek orain arte bezala jarraituko dute 0 Faseko jarduerei dagokionez: kirola, paseoak...
  • Lehenengo Faseko jarduerak eguneko edozein ordutan egin ahal izango dira: saltokietan erosketa egin, terraza batera edo liburutegira joan, lagun eta senideekin elkartu...
  • 14 urtetik beherako umeen kasuan, ordubeteko muga mantentzen da.
  • Helburua: kolektibo ahulen arteko kontaktuen aukera murriztea.
Ordu-tarteak eta irizpideak eguneratuta (maiatzaren 18tik aurrera). / ALEA

1. Udalerritik atera naiteke

  • Probintzia osoan zehar askatasunez mugitzea baimenduta dago.
  • Bigarren bizitokira joateko aukera dago, betiere probintzia barruan.
  • Probintzia ezberdinetako udalerri mugakideen artean mugitzea posible da.
  • Trebiñuk Arabarekin batera egingo du deseskalatze-prozesua; hortaz, Arabako beste udalerrietara mugitzeko aukera izango dute trebiñuarrek.

2. Lagunekin eta senideekin elkartu naiteke

  • EAEren kasuan, soilik kalean edo terrazetan.
  • Gehienez 10 pertsona.
  • Betiere 2 metroko distantzia errespetatuz.
  • Ertzaintzaren azken irizpideen arabera, ez dago baimenduta talde txikiak etxean elkartzea.

3. Taberna eta jatetxeak ireki daitezke

  • Terrazak bakarrik.
  • Mahai bakoitzean 10 pertsona gehienez.
  • Betiere 2 metroko distantzia errespetatuz.
  • Eguneko edozein ordutan, 6:00etatik 23:00etara.
  • Ahalmenaren %50era mugatuta; hala ere, Gasteizko Udalak aldez aurreko ahalmena bikoiztea baimenduko du posible den kasuetan.
  • Zerbitzu bakoitzaren ondoren, mahaia desinfektatu behar da.
  • Txartelarekin ordaintzea eta datafonoa desinfektatzea lehenetsiko da.

4. Saltokiak ireki daitezke

  • 400 metro koadro baino gutxiagoko txikizkako saltokiak.
  • Maiatzaren 18tik aurrera, 400 metro koadrotik gorako merkataritza-establezimenduak ere ireki daitezke: azalera 400 metro koadrora eta edukiera mugatuz (%30); merkataritza-gune baten barruan badaude, sarbide zuzena edo independentea izan behar dute.
  • Beherapenak egitea baimenduta dago, pilaketak saihestuz.
  • Ez da aldez aurreko hitzordurik behar (0 fasean ez bezala).
  • Aforoa %30era mugatuta.
  • Bezero bat langile bakoitzeko.
  • Lehentasunezko arreta-ordutegia 65 urtetik gorakoentzat.
  • Komunak itxita egon behar dira.
  • Jantziak eta probagailuak desinfektatu egin behar dira erabiltzen diren bakoitzean.

5. Azokak egin daitezke

  • Postuen %25 bakarrik.

6. Museoak, liburutegiak, ekitaldiak eta ikuskizun kulturalak

  • Kulturari lotutako puntuak  1. Fasean ez aplikatzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak.

  • Espainiako Gobernuaren aurreikuspenen arabera, ekitaldiak ekainaren 8tik aurrera egin ahal izango lirateke.
  • EAEn, kulturguneak ekainaren 1etik aurrera ireki ahal izango dira; eta ekitaldiak egiteko zein jaiak ospatzeko aukera zabalik egongo da.

7. Gizarte-zerbitzuak berrartuko dira

  • Suspertze progresiboa izango da.
  • Desgaitasuna duten pertsonak: terapia okupazionalak, errehabilitaziokoak, psikosozialak eta arreta goiztiarrekoak berrartuko dira.
  • Egoitzetan bizi ez diren adinekoak: etxeko arreta eta etengabeko jarraipena.

8. Ikastetxeak eta unibertsitateak irekiko dira

  • Instalazioak desinfektatzeko eta egokitzeko.
  • Prestaketa-lana egiteko.
  • Maiatzaren 25etik aurrera aurrez aurreko eskoletara itzultzeko asmoa du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak.
  • Hala ere, irailean 2020-2021 ikasturtea normaltasunez hasteko zalantzak ditu Espainiako Gobernuak.

9. Kirol-instalazioak ez dira irekiko, oraingoz

  • Aire zabaleko kirola, kontaktu fisikorik gabeko jarduerak egiteko.
  • Kirol-zentro publikoak itxita, oraingoz.
  • Kirol-instalazio eta gimnasio pribatuak irekitzeko aukera dago, segurtasun irizpideak errespetatuz.
  • Igerilekuetan bainatzea ezinezkoa izango da, momentuz.
  • Alaves entrenamenduetara itzuliko da: 4 metroko distantzia eta gehienez ere 6 jokalari zelai bakoitzean aldi berean.

10. Hotelak eta turismo-ostatuak irekiko dira

  • Ezin dira eremu komunak erabili; adibidez, jantokiak itxita.
  • Udalerritik ateratzeko aukera egongo da maiatzaren 18tik aurrera.
  • Ostalari askok ez irekitzea erabaki dute; beraz, arduradunen arabera izango da.

11. Kotxea parteka dezaket

  • Pertsona guztiak etxe berean bizi badira.
  • Maskara derrigorrezkoa izango da.
  • Hirietako eta hiriarteko garraio publikoak %80-100eko funtzionamendua izango du.

12. Gurtzarako guneak ireki daitezke

  • Ahalmenaren heren batera mugatuta.
  • Segurtasun neurriak errespetatuz.
  • Komunitate musulmanak meskitak ez irekitzea erabaki du, segurtasuna bermatzeko.

13. Ehorzketa eta beilatoki zerbitzua egongo da

  • Aire zabalean: gehienez 15 pertsona.
  • Lokal baten barruan: 10 pertsona baino ez.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago