Koronabirusa

Terrazak zabaltzen hasi dira, "normaltasun berrira" itzultzeko bidean

Erredakzioa 2020ko mai. 11a, 13:56

Ostalari arabarrak ezohiko zerbitzuarekin hasi dira. Tabernarien artean, zalantzak eta ziurgabetasuna dira nagusi asteleheneko lehen orduetan, baina Arabako terraza ugari martxan daude jada; eta horiekin batera, lehenengo bezeroak ere.

Beste jarduera askorekin batera, terrazak irekitzea da, zalantzarik gabe, deseskalatze-prozesuaren lehenengo fasearen ezaugarri nagusia. Maiatzaren 11ko goizean, martxan dira terraza gutxi batzuk.

Beste batzuek, ordea, ez irekitzea erabaki dute, segurtasun neurriak bermatu ezin dituztelako, obrak egiten ari direlako, azken orduko nahasmena dela eta, edo bestelako arrazoiengatik. Ezohiko egoerak baldintzatuta, irekitzearen errentagarritasuna zalantzan jartzen dute gehienek. Baliteke, hala ere, goizean itxita dauden taberna batzuk arratsaldetik aurrera pertsiana igotzen hastea.

Goizean zehar, prestakuntza lanetan murgilduta daude beste taberna asko. Adibidez, Kutxi kaleko Qino tabernan azken orduko zalantzak argitzen ari dira oraindik ere: "Oraintxe bertan jakin dut jendea edozein ordutan etorri ahal izango duela, ezarritako ordutegietatik kanpo", kontatu dio arduradunak ALEAri.

"Uste dut bi mahairekin Gasteizen taberna bakarra garela", azaldu du; izan ere, egoera gogorra izan da ostalarientzat, eta negozioa berrirekitzea premiazkoa bihurtu da askorentzat.

Bestalde, Legutioko plazan taberna bakarrak ireki du oraingoz.

Lagunekin eta senideekin elkartu naiteke?

  • EAEren kasuan, soilik kalean edo terrazetan.
  • Gehienez 10 pertsona.
  • Betiere 2 metroko distantzia errespetatuz.
  • Ertzaintzaren azken irizpideen arabera, ez dago baimenduta talde txikiak etxean elkartzea.

Taberna eta jatetxeak ireki daitezke?

  • Terrazak bakarrik.
  • Mahai bakoitzean 10 pertsona gehienez.
  • Betiere 2 metroko distantzia errespetatuz.
  • Eguneko edozein ordutan, 6:00etatik 23:00etara.
  • Ahalmenaren %50era mugatuta; hala ere, Gasteizko Udalak aldez aurreko ahalmena bikoiztea baimenduko du posible den kasuetan.
  • Zerbitzu bakoitzaren ondoren, mahaia desinfektatu behar da.
  • Txartelarekin ordaintzea eta datafonoa desinfektatzea lehenetsiko da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago