Batera Zaintza Sare Herritarrak hazten jarraitzen du eta dagoeneko Gasteizko 50 puntu ezberdinetan antolatzea lortu dute. Zaintza talde hau duela astebete sortu zuen herritar talde batek ezohiko egoera honen aurren auzokideen behar ezberdinei erantzun eta eman daitezkeen gabeziak betzeko asmoz.
Orain arte egindako ibilbidea oso modu positiboan baloratu dute ekimenaren sustatzaileek, eta era berean auzokideen inplikazio eta partaidetza azpimarratu nahi izan dituzte, "datorkigunari aurre egiteko ezinbestekoa da komunitate indartsu eta osasuntsu bat izatea".
Komunitate horren erakusgarri da publiko egin berri duten mapa. Bertan, hirian zehar antolatutako 50 gune ezberdin ikus daitezke. Datozen asteotan, "hurbiltasunak eta elkarrekiko zaintzak gure oinarri nagusiak" izaten jarraituko dutela gogorarazi dute, eta aipatutako beharren bat duten pertsonentzat eta zaintza lanak eskaintzen laguntzeko prest dauden lagunentzat baterazaindu@gmail.com helbide elektronikoaren bitartez harremanetan jartzeko aukera zabaldu dute.
#BateraPasa, dinamika berria
Orain arte garatutako zaintza sareaz gain, #BateraPasa dinamika martxan jarri dutela ere adierazi dute sustatzaileek. Dinamika berri horren bitartez, eguneroko jarduna modu atseginagoan bizi ahal izatea bilatzen dute, eta horretarako, musikariak, artistak, irakasleak, antzerki taldeak... eta beste edozein beraien ekarpenak sare sozialetan #BateraPasa traola erabilita partekatzera gonbidatu nahi izan dituzte.