Maider Maraña

"Memoriagunean ez dugu aldebakarreko begirada bilatu behar"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2020ko ots. 6a, 18:00
Maider Maraña, Kultura Paisaiak eta Ondarea Unesco katedrako koordinatzailea. E.U

Nazioarteko aholkularia da Maider Maraña eta Nazio Batuen Erakunderako munduko memoriaguneak ikertzen lan handia egiten ari da; gizartearen eta erakunde publikoen arteko lankidetza eta biktimen parte-hartzea ezinbestekoak ikusten ditu giza eskubideetan oinarritutako memoriaguneak eraikitzeko.

Gasteizko San Frantzisko elizan sortu nahi duten memoriagunearen diseinuan aurrera egiteko jardunaldietan parte hartu du Maider Maraña Saavedrak (Donostia, 1981). Kultura Paisaiak eta Ondarea Unescoko Katedran koordinatzailea eta ikertzailea da Maraña, eta giza eskubideetan aholkulari lanak egin ditu Nazio Batuen Erakundean, besteak beste. Hartara, giza eskubideen urraketen ondorioz ondare bihurtu diren espazioak ikertu ditu munduan zehar, eta aztertu du espazio hauek kudeatzeko orduan nola uztartu biktimen, gizartearen eta erakunde publikoen ikuspegiak: "Biktimek, senideek eta erakundeek ikuspuntu desberdinak izan ditzakete, baina nolabaiteko gutxieneko diskurtsibo bat lortu behar dute". 

Zer da memoriagune bat?

Ez dago oso argi. Egia da normalean museotik gertu daudela eta horregatik esan ohi da bertatik ikerketa bideratu behar dela, baina eginkizun pedagogikoa ere badute. Munduan zehar denetarik dago; horregatik espazio horien inguruan Nazio Batuen Erakunderako ikertu dugunean eztabaidak izan ditugu memoria espazioak identifikatzeko orduan. Kasu batzuetan gudu-zelaiak ere memoriagunetzat hartzen dituztelako, eta guri zaila suertatzen zitzaigun hori horrela ikustea, sarritan toki hauetan gerraren goraipamena egiten delako. Hortaz, ez da hain erraza memoriagune bat identifikatzea. 

Zer oinarrizko ezaugarri izan behar ditu?

Guretzat, beti, memoriagune batek giza eskubideen ikuspuntua izan behar du, hori da oinarrizkoena, hau da, bere diskurtsoa ezin da zentratu garaituetan eta garaileetan, edo ezin da egon botere politikoak goraipatzeko eginda. Toki horretan egon zen giza eskubideen urraketaren aurrean memoria, justizia, erreparazioa eta egiaren baloreak defendatu behar ditu. Ikuspuntu pedagogiko bat ere badute, eta sarritan  biktimek lortzen dute toki hauetan beraien egiaren zabalpena egin ahal izatea. Tokiak berak ere badu bere garrantzia, alegia, ez da berdina egitea memoriaren gune bat eraikin berri batean edo urraketa horiek suertatu ziren tokian. 

"Historia poliedrikoa da. Arazoa da memoriagunea bestearen kontra egiteko sortzen denean"

Zertarako balio behar du? Zer helburu ditu?

Egia ikertzea eta ezagutaraztea, baina lehen aipatu ditugun baloreekin nahastuta eta horiek ezagutarazteko helburuarekin. Historia ezagutzeaz gainera, hura zergatik gertatu zen azaltzeko ikuspuntu kritiko bat ere garatu behar da, eta horrek lagunduko digu historia latz horiek ez errepikatzen. Erakunde publikoek eta gizarte zibilak badute eginkizun hori, hezkuntza proiektu hauek garatzea.

Gizartearekin batera aldatuko da memoria?

Memoriarena inoiz geldi geratzen ez den diskurtso bat da, gure ikuspuntua denborarekin aldatzen joaten delako. Espainiako Gerraren inguruan, adibidez, nik dudan begirada eta nire aitonak izango zuena zeharo desberdinak dira, eta hori onartu behar dugu. Ezin dugu pentsatu ez garela fidelak izaten ari edo gure arbasoen memoria urratzen ari garela; ikuspuntuak aldatzen joaten direlako. Argentinako ESMAn (Armadaren Mekanika Eskola), adibidez, gertatu izan zaie duela pare bat urte feminismoaren eztanda izugarria eman zela herrialdean, eta museoko langileen artean eztabaida sortu zen bertan dagoen erakusketa iraunkorrak ez zuelako genero ikuspegia jasotzen. Beraz, orain ari dira berriro edukiak errepasatzen eta egokitzen. Martxoaren 3ko memoria publikoa egiten dugun momentuan ere aldaketak emango direla onartu behar dugu, belaunaldi berriek ere ekarpenak egin ahalko dituztela.

Zer memoriagunea irudikatzen duzu San Frantziskon? 

Memoriagune bakoitzak bilatu behar du zein den bere tokia; izan ere memoria oso zabala da eta ezingo dugu memoria eta giza eskubideen inguruan gertatzen den guztia kontatu. Martxoak 3aren inguruko zentro batek landu beharko du langileen egoera, baina halaber Poliziaren gehiegikerien biktimen errealitatea hobeto ezagutarazteko balio dezake. Bere historiarekiko leiala izanez, zentro bakoitzak topatu behar du zer den benetan eskaini dezakeena memoriaren inguruan. Martxoaren 3an jazo zen eskubideen urraketa hori oso errotuta dago Gasteizko gizartean, kutsua utzi du herritarren artean, eta logikoa litzateke egun horretan jazo ziren giza eskubideen urraketez gainera, garai horietako testuingurua azaltzea, langileen egoeraren eta borrokaren ingurukoak.

"Memoriagune batean ez baduzu zirrara sentitzen, zerbait gaizki dagoelako da"

Historia berdinaren inguruan irakurketa desberdinak jaso ditzake memoriagune batek? 

Biktimek, senideek eta erakundeek ikuspuntu desberdinak izan ditzakete, baina lortu behar dute nolabaiteko gutxieneko diskurtsibo bat. Eta behin hori lortuta, beste mota bateko espazioak abiatu daitezke: biktimek izan ditzakete espazioak hitzaldiak egiteko, hori ere proposatu daiteke, edo behin-behineko erakusketak. Ez dugu begirada aldebakarrekoa bilatu behar.

Ulergarria da historia kontatzeko modu desberdinak islatzeko memoria gune desberdinak eraikitzea herri batean? Normala da? 

Teorikoki ez dago inongo arazorik. Arazoa etor daiteke memoriagune desberdinak sortzen direnean alderdi politiko ezberdinek dituzten interesengatik edota gizarteko parte batek ez duenean gizartearen beste parte batek pentsatzen duena onartzen. Horrek beste motako arazoak sortuko lituzke; baina zergatik ez eduki hainbat zentro? Historia poliedrikoa da. Arazoa da zentroak bestearen kontra egiteko sortzen direnean.

Nola izan daiteke integratzailea memoriagune bat?

Alde batetik dago norenak diren toki hauek. Gauza bat da legitimitatea eta beste gauza bat da nork kudeatzen duen, eta beti ez dute bat egiten. Erakunde publikoak sartzen direnean babesa lortzen da, eta hori interesgarria eta garrantzitsua da, betiere legegintzaldien gainetik egiten den lan bat baldin bada, alegia gobernu baten kontua denean eta ez alderdi politiko baten kontua. Arazoa da askotan zaila gertatzen dela errealitate instituzionalizatu horietan biktimen eta familien begirada txertatzea, eta ezinbestekoa da hori. Memoriagune batean bilatu behar dugu espazio bat non familiak eta biktimak libre sentitzen diren parte hartzeko. Ez da erraza, baina derrigorrezkoa da ingurukoen parte-hartzea ere sustatzea; zentro hauek auzoarekiko eta hiriarekiko harremana sustatu behar dute. 

Zer memoriagune eredu nagusitzen da nazioartean?

Denetarik dago. Indarren arteko oreka dagoenean diskurtso integratzaileagoak egiten direla ikusi dugu, baina botere publikoek toki hauek bereganatzen dituztenean eta parte-hartzea ez dagoenen, joera maltzurrak sortzen dira diskurtsoan: desitxuratzeak ematen dira, botereak legitimatzeko diskurtsoak garatzen dira edo ikuspegi inozo bat proposatzen da. Hala zen, adibidez, Mandela egon zen Robben irlako espetxe-museoan; apartheida amaitu zenean, diskurtso garaile eta rainbow bat zabaldu zuten, kontuan hartu gabe giza eskubideen arazo larriak ematen zirela oraindik Hego Afrikan. Ruandan ere tutsien eta hutuen hilketaren inguruan historia bakar bat jasotzen da. Belgikan, adibidez, badago toki bat, oso bitxia, non Lehen Mundu Gerran irlandarrak –unionistak eta errepublikanoak- elkarrekin borrokatu ziren, eta oraintxe egin dute dorre bat, Bakearen Dorrea, nolabait adierazteko elkarrekin hil baldin baziren elkarrekin bizi ahal direla. Balkanetako Mostar zubiaren kasua ere oso ezaguna da, bi komunitateen arteko lotura bezala irudikatu dute, Unescok barne, eta inondik inora ez da zubi hori komunitateen arteko banaketaren eremua izan.

"Kasu paradigmatikoa da Auschwitz, desastre bat, baina ez da kasu bakarra"

Diskurtsoaren desitxuratze horiekin batera, Auschwitzen gertatzen ari den fenomeno turistiko morbosoa dago.

Betidanik egon da "turismo beltza" edo gerra tokiak ikustera joaten den turista. Auschwitz modan jarri den produktu bat bezala da; egun oso merkea da bidaiatzea, eta badirudi bizitzan egin behar den must horietako bat Auschwitzera joatea dela. Fundazioa lan handia egiten ari da turismoa kudeatzeko, baina arazoa izan dute batez ere bidaia-antolatzaileekin. Kasu paradigmatikoa da Auschwitzena, desastre bat, hutsaldu egin da, baina ez da kasu bakarra. Turismoak lagundu dezake ondarea babesten baina bi ahoko arma izan daiteke.

Toki sinbolikoez ari garela, Espainiako Memoriaren Haranean zer pausu eman beharko lirateke memoriagune bilakatu nahi izanez gero?

Adituen eta familien arteko parte-hartze sistema baten bidez, proposamen zabal batera iritsi behar gara. Memoria landu behar dugu, bestela eztanda egingo digu. Gainera, auzia horren sinbolikoa izanik nazioarteko adituen parte-hartzea ere beharrezkoa litzateke, kanpoko begirada izateko, baina garrantzitsua da biktimen eta familien begirada txertatzea. 

Asko dira garaileak eta garaituak gogoratzen dituzten oroitarriak eta tokiak. Zer egin daiteke horiekin?

Mendebaldeko gizarteak beti goraipatu ditu gerrak. Zer egiten dugu orain? Aurretik aipatu dugu: ez gaude XIX. mendean, ikuspuntuak aldatu  egin dira, eta gure gaur egungo giza eskubideen begirada hori txertatu behar dugu toki horietan, eta gerra goraipatzetik beste begirada bat ematera pasatzea.

Memoria gune bat eraikitzeko une egokia dago?

Historia egiteko beharbada denbora behar da, baina memoria beste errealitate bat da. Memoriak badu gertatutakoaren analisiaren parte bat, baina memoria eraikuntza da, gizarteak zer gogoratu nahi duen, zer baloratu nahi duen, eta zer gorde nahi duen berriro ez gertatzeko. Memoriagune bat egiteko epe zehatzik ez dago, ez dago datarik. Lehenik eta behin, behar bat egon behar da, talde batek beharra izan behar du memoria hori eraiki, zabaldu eta errotzeko.

Beraz, ez dira zauriak sendatu behar memoriagunea eraiki baino lehen?

Ez. Ez du zertan. Are gehiago, kasu batzuetan memoriagune hauek nolabait ere zauriak zaintzen dituzte; ez dira horretarako sortzen, baina sarritan horretarako ere balio dute. Espazio hauetara sartzea oso osasungarria da biktimentzat, erreparazioa, justizia eta egiaren prozesuak bideratzen dituzten neurrian zauriak sendatzeko ere balio dezakete. 

Deserosoak izan behar dira memoriaguneak? 

Giza eskubideen zentro batean ez baduzu zirrara sentitzen zerbait gaizki dagoelako da, beste ideologia bat defendatzen egongo dira eta zu ez zara ideologia horren parte. Giza eskubideen inguruan sortzen ditugun zentroek deseroso sentiarazi behar gaituzte, edo gutxienez pentsarazi behar digute zer egiten dugun gure egunerokoan eta zer egin dezakegun. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide