Memoria Gara

Martxoaren 3a gogoratzeko 'M3 Photo' erakusketa antolatu dute

Erredakzioa 2019ko abe. 13a, 11:14
1976ko Martxoaren 3a oroituko du M3 Photo erakusketak. / Argazkia: Memoria Gara

Abenduaren 14an, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 71. urteurrenaren harira, M3 Photo izeneko argazki erakusketa antolatu du Memoria Gara ekimenak.

"Hiriaren memorian grabatuta geratu zen 1976ko martxoaren 3 odoltsu hura gogoratzeko" erakusketa 12:00etatik aurrera izango da, Gasteizko Katedral Berriaren aurrean, Prado eta Cadena eta Eleta kaleen arteko elkargunean, hain zuzen.

Bisitariek 1976ko martxoaren 3ko "argazki tragikoak" eta Katedral Berriak hartu zuen hileta jendetsuaren irudiak topatuko dituzte erakusketan. Gainera, elizaren argazkiak eta planoak ere egongo dira.

San Frantzisko eliza memoria gune izatea helburu

Memoria Gara egitasmoa 2018ko irailean aurkeztu zen eta Zaramagako San Frantzisko eliza Memoriaren eta Giza Eskubideen gune bihurtzea du helburu.

Ordutik, proiektua jendarteratzen aritu da Memoria Garak. Adibidez, duela urtebete, hamarnaka lagunek San Frantzisko eliza inguratu zuten, "hiri honen oroimenaren sinbolo" gisa. Orain itxita dago baina hura berreskuratzeko asmoa du egitasmo memorialistak.

Gainera, aurkeztu zenetik ekintza gehiago egin dituzte, hasieran ezarritako helburuan sakontzeko. Bitartean, Gasteizko Gotzaindegiarekin eta erakunde publikoekin bilerak egin dituztela azaldu dute. Besteak beste, Gasteizko Udalarekin, Arabako Foru Aldundiarekin eta Gogora erakundearekin izan dira, "proiektuaren nondik norakoak partekatzeko".

Bihar egun osoan zehar luzatuko da erakusketa, baina eguerdian egitasmoaren hurrengo urratsak eta datozen hilabeteetan garatuko diren ekimen berriak azalduko dituzte bertan.

Memoria Gara egitasmoaren aurkezpena. / Bideoa: Hala Bideo

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide