2020ko Euskaraldia: gehiago, gehiagorekin, gehiagotan

Erredakzioa 2019ko aza. 21a, 10:00

Euskaraldiaren bigarren edizioa aurkeztu zuten atzo Donostian. / Argazkia: @Euskaraldia

Donostian egin dute Euskaraldia egitasmoaren bigarren edizioaren aurkezpen ekitaldia. 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo da, 15 egunez.

"Gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan" euskaraz egitea izango da bigarren edizioaren xedea eta, hain zuzen ere, Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan leloa aukeratu dute.

Nobedade gisa, mota guztietako entitateak batuko zaizkie belarriprest eta ahobizi izango diren lagunei. Horretarako, ariguneak sortuko dituzte entitateetan. Dagoeneko hauek inskribatzeko aukera dago Euskaraldiaren webgunean eta, beraz, Euskaraldiari begira lanketa egiten hasteko aldia ireki da jada.

Mota guztietako entitateak batuko zaizkie belarriprest eta ahobizi izango diren lagunei

Berriro ere, belarriprest eta ahobiziak protagonista izango dira eta lehen edizioan erabilitako txapak elementu garrantzitsu bat izango dira. Ahobiziak eta belarriprestak ariketarako prestatzeari "arreta berezia" jarriko zaiola azaldu dute antolakuntzatik.

Bestalde, irailean ireki zen herrietako batzordeek izena emateko epea, eta gero eta gehiago dira dagoeneko antolatzen hasi eta izena eman duten herriak: "Martxa onean doa izen-ematea", ziurtatu dute aurkezpenean.

2020ko azaroaren 20an, urtebete barru, hasiko da hurrengo Euskaraldiaren bigarren edizioa eta honen ezaugarri nagusiak aurkeztu dituzte antolatzaile eta sustatzaileek Donostiako San Telmo Museoan.

Ekitaldian hitza hartu dute hainbat erakundetako ordezkariek, bestek beste, Eneko Goia Donostiako alkateak, bertaratutakoei harrera egiteko. Gainera, Euskaltzaleen Topagunearen lehendakari Kike Amonarriz, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburu Bingen Zupiria,  Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilari Ana Ollo eta Euskararen Erakunde Publikoko presidente zein Euskal Hirigune Elkargoko Hizkuntza Politika lehendakariorde Beñat Arrabit ere bertan izan dira.

 

Ahobizi, belarriprest eta orain ariguneak

Euskaraldiaren lehen edizioa 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 4ra egin zen. Milaka lagun izan ziren hizkuntza ohiturak aldatzeko helburuarekin ahobizi eta belarriprest moduan parte hartu zutenak, Euskal Herri osoan zehar eta baita Araban ere.

Bigarren edizio honetan, antolatzaileen arabera, ahobizi eta belarriprest herritarren ariketaz gain, taldeetan hizkuntza ohiturak aldatzeko aukera izango dute era guztietako entitateetako kideek. Izan ere, kontzeptu berri bat sortu dute: arigunea. "Euskaraz aritzeko babesgune" izango diren espazioak, hain zuzen ere.

Gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan, euskaraz

Aurreko edizioko balorazioaren arabera, "ibilbide luzeko ekimena" izateko sortu zen Euskaraldia eta helburu nagusia "edizioz edizio urrats berriak" ematea dela gogorarazi dute aurkezpenean.

Irailean plazaratutako ikerketak ariketa sozial berritzaile honek "abiapuntu ona" izan zuela ondorioztatu zuen. Gasteizen ere, datuak eskuan, Euskaraldiak "eragin positiboa" izan zuela jakin genuen duela egun batzuk, ekimenak hirian izandako eragina neurtu duen ikerketaren emaitzen aurkezpenean.

Ibilbide luzeko ekimena izateko sortu zen Euskaraldia eta helburua edizioz edizio urrats berriak ematea da

Lehen edizioak emaitza onak eman bazituen ere, eragina handitzeko "gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan" aritu behar dugula azpimarratu dute. Horregatik, 2020ko edizioko ariketak egun gehiago izango ditu: 15 egun.

2018an banakako harremanek izan zuten protagonismoa. Edizio berrian, ordea, talde eremuetan ere ariketa egiteko aukera izango dute herritarrek. Beraz, Euskaraldian parte hartzeko aukera zabalduko da: lantokietan, enpresetan, administrazio publikoan, herrietako asanbladetan, kultur zein kirol taldeetan.

Dinamika zabaldu eta sakontzea helburu, ahobizi eta belarriprest gehiago bildu eta rolak "ongi lantzea" proposatzen dute: "Portaeran dago gakoa, eta ez euskaraz hitz egiteko gaitasunean".

Modu honetan, "eremu berrietan inertziak apurtu eta hizkuntza ohitura berriak barneratzeko" aukera emango zaie ahobizi eta belarriprestei. Hau da, gehiagorekin eta gehiagotan euskaraz aritzeko aukera.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago