Gasteizen etxebizitza-larrialdia deklaratzeko eskatu diote Udalari

Erredakzioa 2019ko aza. 6a, 11:27
'Inor Ez Etxebizitzarik Gabe' plataformaren agerraldia, Udaletxearen aurrean. / Argazkia: Hala Bedi

Hirian, etxebizitzaren arloan, milaka pertsonek pairatzen duten "larrialdi egoerari" aurre egiteko neurriak hartzeko eskatu diote Udalari. Azaroaren 15ean, osoko bilkurara eramango dituzte euren aldarrikapenak eta elkarretaratze zaratatsua deitu dute kanpoan.

Inor Ez Etxebizitzarik Gabe (Derecho a Techo) plataforman bildutako Gasteizko eta Arabako 20 eragile sozial eta sindikal baino gehiagok etxebizitza eskubidearen aldeko batzarra eta kanpaldia egin zituzten maiatzaren 10ean Gasteizko Plaza Berrian.

200 pertsona baino gehiagok "hiriko bizilagunen bizitzarako hain garrantzitsua den" gai honetan inplikazioa eskatu zioten Udalari.

Atzo, azaroaren 5ean, plataformako kideek udaletxearen aurrean agerraldia egin zuten berriro, "ezer ez" dela aldatu salatzeko. Horrekin batera, maiatzean mahaigaineratutako eskaerei eta aldarrikapenei berriro ekingo diete. Gasteizen "etxebizitza-larrialdia" deklaratzeko eskatu diote Udalari, arazoari aurre egiteko abiapuntu gisa.

Azaroaren 15ean, mozio bat aurkeztuko dute osoko bilkuran, Gasteizko Udalak etxebizitza-larrialdia deklaratu dezan. Halaber, "neurri zehatzak" hartzeko eskatuko diote Udalari. Bitartean, goizeko 10:00etan, elkarretaratze zaratatsua egingo dute Udaletxe aurrean.

Horren aurretik, Gizarte Politiken Batzordean izango da plataforma, egoerari buruz egiten duten azterketa eta "premiazkotzat eta beharrezkotzat" jotzen dituzten alternatibak azaltzeko.

 

Etxebizitza-larrialdia, zergatik?

Gasteizen "etxebizitza arazo larria" dagoela argi dute Inor Ez Etxebizitzarik Gabe plataformako kideek.

Plataformak azaldu duen bezala, Etxebiden 6.500 eskatzaile baino gehiago daude alokairu sozialeko etxebizitza eskuratzeko izena emanda, urteko batez besteko errenta 12.000 eurokoa den bitartean.

Bestalde, udal-aterpetxea, Aterpe, Bideberria edo Gizarte Larrialdietako Zerbitzua bezalako arreta-zentroak "gainezka" daudela edo nahikoak ez direla dio plataformak.

Halaber, epaitegiek bizitoki-alternatiba behar duten familien etxegabetzeak ebazten jarraitzen dutela salatu dute. Errealitate horren aurrean, "okupatzera behartuta" daudenen kasua mahaigaineratu dute, Olarizuko etxebizitzen auzia gogora ekarriz.

Bidaiderik gabeko adingabe atzerritarrak, berriz, "adin-nagusitasunarekin eta baliabiderik gabe, kalean bizitzera behartuta" daudela azaldu dute. Errefuxiatuen kasuan ere "haien lehen beharra etxebizitza bat" dela gogoratu dute. Higiezinen agentzien jarrerak ere ez du laguntzen, izan ere, salatu dutenez, kolektibo hauek "gaitasun ekonomikoagatik edo arrazoi arrazistengatik" diskriminatzen dituzte.

35 urtetik beherako milaka gazte emantzipatu ezinean dabiltza, haien "diru-sarreren %70a alokairu pribatua ordaintzera bideratu beharko luketelako", plataformaren arabera.

 

Alternatibak mahai gainean

Zerrendatutako arazo guztien aurrean, Udalaren erantzuna "ezin da izan pasibotasuna, arazoa minimizatzea edo bere etxebizitza eskubidea defendatzen duten pertsonak edo kolektiboak kriminalizatzea". Udalari "ekin beharra" exijitu diote.

Egoerari aurre egiteko alternatibak ere mahaigaineratu nahi izan ditu plataformak, besteak beste:

  • Hirian larrialdietarako baliabideak zabaltzea.
  • Udal jabetzako 100 etxebizitza huts gaitzea eta beste 380 etxebizitza gizarte beharretarako erabiltzea.
  • Bankuen, inbertsio-funtsen eta abarren etxebizitza hutsetan "esku hartzea".
  • Diskriminazio kasuen aurkako "neurriak hartzea".

Azkenik, plataformatik, "gizarte larrialdietarako premiazko mahai bat" sortzea proposatu dute, erakundeen eta jendarte eragileen parte hartzearekin.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide