Plaza Berriko arkupeetan egin ahal izango dute bazterketa sozialaren kontrako kanpaldia

Erredakzioa 2019ko mai. 10a, 13:17
Antolatzaileek asanblada deitu dute 20:30ean, Plaza Berrian. /Hala Bedi

Lauko Finalaren Fan Zonea dela eta, plaza erdigunean ezingo da egin kanpaldirik.

Gaur arratsaldean, 20:30ean hasita, kanpaldia egin behar zuten Gasteizko Plaza Berrian, larunbateko 11:00ak arte, Gasteizen inor ez kalegorrian leloarekin. "Bazterketa sozialaren kontrako" ekimena deituta zuten hainbat eragilek, baina ezingo da plaza erdigunean egin. Udalak bertan Final Four-aren "inaugurazio ekitaldia" egin behar dela esan du, eta hasiera batean plazan kanpaldirik egitea debekatu duen arren, plazako arkupeetan egiteko aukera proposatu du azkenik.

"Atzo eguerditik Gasteizko Udala hasi zen zailtasunak eta trabak jartzen gaur gauean egingo dugun etxebizitza eskubidearen aldeko kanpaldia oztopatzeko", adierazi dute ekimeneko sustatzaileek. Apirilaren 17an Ertzaintzari kanpaldiaren komunikazioa bidali ziotenean baimena jaso zutela nabarmendu dute, "eta atzo arte ez zigun inolako arazorik jakinarazi".

Manifestua sinatu duten mugimendu sozial eta eragileek Arabako jendarteari eta bereziki gasteiztarrei helarazi nahi zieten kanpaldiarekin etxegabeen arazoarekin duten kezka. "Gure lurraldean, kalean lo egitera behartuta dauden pertsona asko daude, etxebizitzarik ez dutelako edo lo egiteko eta bizitza duina aurrera eraman ahal izateko beharrezkoa den babeslekurik ez dutelako". Ekimenak hainbat eragile eta sindikatuen babesa jaso du: Salhaketa, PDS, Kaleratzeak Stop Araba, OEE Araba, Argilan-ESK, Elkartzen Alde Zaharra, CEAR Euskadi, ADRA fundazioa, ASVE, Errekaleor Bizirik!, ELA, LAB, ESK eta STEILAS.

Ekimenemko sustatzaileek 20:30ean egingo den batzar irekian informazio gehiago emango dutela adierazi dute, eta antolatuta zegoen egitarau osoa bere horretan mantenduko dutela, larunbatean 11:00etan emango duten prentsaurrekoa barne.  

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide