Jose Angel Ochoa de Eribek "azkena" izan behar duela exijitu dute

Erredakzioa 2019ko aza. 4a, 09:50
Ehunka lagun bildu ziren Gasteizen, larunbateko manifestazioan. / Argazkiak: @Sare_Herritarra

Gorbeialdeko presoa iragan asteko asteazkenean hil zen, ekainean hirugarren graduan atera ostean, gaixotasun larria zuelako. Ehunka lagun bildu ziren Gasteizen larunbatean, larriki gaixo dauden presoen egoera salatzeko.

Manifestazioaren amaieran Sare Herritarrak egindako irakurketan, "bere etxean hil zedin aske utzi zuten euskal preso bat da" Ochoa de Eribe. "Askatasuna bere bizi esperantzak ia hutsalak zirenean baino ez zioten eman", salatu zuten.

Sare Herritarraren aburuz, “soilik heriotza ate joka dutela ziurtatzean” ari dira askatuak izaten larriki gaixo dauden presoak.

Gaixotasun larri baten kronologia

Jose Angel Ochoa de Eribe presoa gaixotasun larri baten ondorioz hil zen asteartean, urriaren 29an, hirugarren gradua jaso eta lau hilabetera. Urkabustaizeko presoak 30 urteko espetxe zigorra betetzen zuen 2000. urtetik eta 2016an bete zituen zigorraren hiru laurdenak.

Ochoa de Eribek minbizi larria zuen 2015eko apiriletik, eta urtebete baino gehiago behar izan zuten gaixotasuna atzemateko.

2016 eta 2018 urteen bitartean minbiziak hobera egingo zuela zirudien, baina ohiko analisi batek baieztatu zuen aurtengo apirilean gaixotasuna zabaldu egin zela.

Castelloko espetxeko zuzendaritzak hirugarren gradua eman zion ekainean, espetxe-araudiaren 104.4 artikuluari jarraituz. Artikulu honek dio "mediku txostenen arabera gaixotasun sendaezinak dituzten presoak" hirugarren gradua izan dezaketela, "duintasun pertsonalagatik".

 

"Saihestu zitekeen heriotza bat"

Honen harira, Ochoa de Eriberen moduan, hainbat euskal preso daudela gogorarazi zuen Sare Herritarrak, "Espainiako Gobernuaren eta Justiziaren pasibitatearen aurrean". Besteak beste, Ibon Fernandez Iradiren kasua gogora ekarri zuten, "bere egoeraren larritasuna aintzat hartu gabe, etxeratze prozesua eternizatuz".

Horrekin batera, presoek eta euren senideek, "gaixotasunaren gora beherez gain, urruntze politikak dakarren sufrimendu atxikiari" egin behar izan diote aurre.

"Zerrenda ilun hau zabaldu ez dadin", egoera aldatzeko beharra azpimarratu zuten mobilizazioaren amaieran: "Osasunerako eskubidea oinarrizko eskubidea da, baina baita eskubide unibertsala ere eta errespetatua izan behar da, pertsona preso egon ala ez".

Zentzu horretan, larriki gaixo diren presoen kasuan, osasunerako eskubidea espetxearekin "bateraezina" dela salatu du Sare Herritarrak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide