Jose Angel Ochoa de Eribe presoa gaixotasun larri baten ondorioz hil da gaur goizaldean, hirugarren gradua jaso eta lau hilabetera. Urkabustaizeko presoak 30 urteko espetxe zigorra betetzen zuen 2000. urtetik eta 2016an bete zituen zigorraren hiru laurdenak.
Ochoa de Eribek minbizi larria zuen 2015eko apiriletik, eta urtebete baino gehiago behar izan zuten gaixotasuna atzemateko.
2016 eta 2018 urteen bitartean minbiziak hobera egingo zuela zirudien, baina ohiko analisi batek baieztatu zuen aurtengo apirilean gaixotasuna zabaldu egin zela.
Castelloko espetxeko zuzendaritzak hirugarren gradua eman zion ekainean, espetxe-araudiaren 104.4 artikuluari jarraituz. Artikulu honek dio "mediku txostenen arabera gaixotasun sendaezinak dituzten presoak" hirugarren gradua izan dezaketela, "duintasun pertsonalagatik".
Gaur, hirugarren gradua eman eta lau hilabetera, Ochoa de Eribe hil da.
Sare Herritarrak "euskal presoentzat heriotza zigor bilakatzen den egoera" honekin amaitzeko, "larriki gaixo diren presoak aske" uztea exijitu dio Espainiako Gobernuari.
Gertaera honen aurrean, Sarek manifestazioa deitu du larunbat honetarako, azaroak 2, arratsaldeko 17.00etan Gasteizen, Artium parean.