Hirugarren gradua eman diote gaixotasun larria duen Ochoa de Eribe presoari

Erredakzioa 2019ko eka. 18a, 09:19

Gaixo dauden euskal presoak askatzeko aldarrikapena egin du sarritan Etxeratek. HALA BEDI

Ekaitz Samaniego Gasteizko presoa Murtziatik Zuerara lekualdatu dute; urtarrilean beteko du zigorra osorik.

Espainiako Espetxe Zuzendaritzako Idazkaritza Nagusiak hirugarren gradua onartu dio Jose Angel Ochoa de Eribe Landa euskal presoari, eta halaber Ekaitz Samaniego Murtzia I espetxetik Zuerara (Zaragoza, Espainia) mugitu dute.

Ochoa de Eribe Gorbeialdeko presoa 2000ko urtarriletik dago preso, eta 30 urteko zigorra ezarri zioten orduan. 2016ko abenduan bete zituen zigorraren hiru laurdenak, eta egun, Castello I kartzelan dago. Hedabideek zabaldu duten informazioaren arabera, espetxeko tratamendu batzordeak proposatu du gradu aldaketa, espetxe-araudiko 104.4 artikuluari jarraituz. Artikulu horren arabera, "mediku txostenen arabera gaixotasun sendaezinak dituzten presoak" hirugarren gradua izan dezakete, "duintasun pertsonalagatik". 

Ekaitz Samaniego preso gasteiztarra, berriz, zortzi urteko espetxe zigorra betetzen ari da Segiko kide izateagatik. Espetxe Zuzendaritzatik Murtzia I kartzelatik Zuerara (Zaragoza, Espainia) mugitu du, "familia loturengatik".  2012ko urtarrilean espetxeratu zuten Samaniego, eta 2018ko urtarrilean bete zituen zigorraren hiru laurdenak. Urtarrilean beteko du zigorra osorik.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago