Elkarrekin taldearen babesa izan arren, herri galdeketaren proposamenak ez du aurrera egin. EH Bilduko Felix Gonzalezen arabera, Udalbatzak "arduragabekeria politiko eta demokratikoaz jokatu du". Udal-gobernuari dagokionez, "trabak baino ez dizkio jarri herritarren parte hartzeari", Gonzalezen arabera.
Zentzu horretan, EH Bilduk gogorarazi du kontsulta honek Gizarte Kontseiluaren, Kontu-hartzaile Nagusiaren eta Udalbatzaren Idazkaritza Orokorraren txostenen babesa bazuela. Gainera, Herritar-kontsulten Araudi Organikoaren "oinarriekin bat datorrela" azpimarratu dute. Hala ere, 2016. urtean araudia onartu zenetik, ez da galdeketa bat ere egin.
Bestalde, PSEk eta EAJk tranbiaren obrak "dagoeneko onartuta" daudela erantzun diote EH Bilduri, eta hauteskunde-programen arabera, "zinegotzien gehiengoak" babesten duela Salburua-Erdialdea-Zabalgana ardatza lotzeko tranbiaren proiektua.
Ez da tranbiaren inguruko galdeketa bat bertan behera gelditzen den lehenengo aldia. Izan ere, 2017an hegoaldeko tranbiaren inguruan oposizioak bultzatutako kontsulta geldiarazi zuen Gorka Urtaranek. Ondoren, epaile batek eta txosten juridiko ezberdinek alkatearen baieztapenak ukatu zituzten, gai honen inguruan herri galdeketak egitea posible dela zehaztuz. Hala ere, galdeketarik ez egitea erabaki zuen udal gobernuak.
Pasa den ostegunean iragarri zuen alkateak tranbia Salburura luzatzeko obren lehiaketa azaroan argitaratuko dela. Zabalgana lotzeko tranbiari dagokionez, ordea, ez dago datarik, baina trenbidea lurperatzeko lanen eta osteko urbanizazio-prozesuaren menpe legoke. Udalaren helburua proiektua agintaldiaren amaierarako prest izatea da, 2023. urtean obrak egiteko.