Tranbiari buruzko galdeketa legez kanpokoa dela dio Urtaranek

Erredakzioa 2017ko urr. 24a, 11:36

Udalbatzak tranbiaren hegoalderako luzapenaren inguruan herri galdeketa egitea onartu du; udal gobernuak, ordea, araudia betetzen ez duela dio, eta helegitea aurkeztuko du.

Gasteizko Udalbatzak tranbia hegoalderantz luzatzearen gaineko herri galdeketa egitea onartu zuen atzo, EH Bildu, PP, Podemos eta Irabaziren babesarekin. Kontsulta gasteiztar guztiei zuzenduta egongo litzateke,  galdera hau planteatuz: Zure ustez, egokia al da tranbiaren hegoalderako luzapena? 

Urtaranek gobernuak, ordea, erabaki honen aurkako helegitea jarriko duela iragarri du, administrazioarekiko auzien epaitegian, eta hortaz, proiektuarekin aurrera egingo du. Urtaranen esanetan, "kontsultak ez du araudia betetzen, udalarena ez den eskumen bati dagokiolako". Zehaztu duenez, tranbia Eusko Jaurlaritzari dagokion trenbide eskumena da, eta horrenbestez, Udalak ezin du horri buruzko galdeketarik egin. "Irregulartasun argi bat da, kontsultak herritar kontsulten araudia ez duelako betetzen". Gasteizen herri galdeketak deitzeko eskumena, berriz, alkateari dagokio.

Gainera, garaiz kanpoko kontsulta dela argudiatu du alkateak, dagoeneko lanak esleituta daudelako. "Prozesua baliogabetuko balitz, hainbat milioitako kalte-ordainak ordaindu beharko lizkiokete enpresari". Hala, tranbia Adurtzarantz eta unibertsitaterantz eramateko lanek aurrera egingo dutela esan du, eta azaroan hasiko dira.

Oposizioa, aurka

Tranbiari buruzko herri galdeketa egitea Podemos udal taldearen proposamena izan zen, eta EH Bildu, PP eta Irabaziren aldeko botoak lortu ditu. EH Bildu tranbiaren luzapenaren aldekoa izan arren, herri galdeketaren aldekoa ere dagoela adierazi du, eta herritarrek proiektua bera bultzatuko dutela esan du Miren Larrionek. PP ere kontsultaren alde agertu da, "aurreko ostiralean Adurtzako bizilagunekin izandako bileraren ostean, hala eskatu digutelako". 

Bestetik, Irabazik erabakia errespetatzeko eskatu dio alkateari. "Urtaranek ezin du auzitegira jo borroka politiko bat galdu duelako", esan du Irabaziko Oscar Fernandezek. "Auzokideak proiektuaren aurka zeudela ohartarazi genuen, eta proiektuarekin jarraitu baino lehen, birplanteatu behar zela".

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago