Ekainean itxi zuten Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak tranbia linea berriaren obrak finantzatzeko akordioa. Esleipen prozesua irekitzen da horrela eta, aurreikuspenen arabera, 2020. urtean hasi beharko lirateke obrak.
Martxoan aurkeztu zuten plangintzaren arabera, Salburua auzoa hiri erdigunearekin lotuko dituen tranbia lineak 2,5 kilometroko luzera izango du. Florida kaletik abiatuta, Joan Karlos I etorbiderainoko ibilbidea egingo du eta bost geltoki izango ditu tarte horretan zehar: Santa Luzia, Gizarte Etxea, Nikosia, Salburua eta Juan Carlos I.
32 milioi euroko aurrekontua eta 24 hilabeteko epea izango da, esleipen-prozesuan aldaketak egon daitezkeen arren. Lanen iraupena bi urte ingurukoa izango dela aurreikusten dute arduradunek, eta horrenbestez, 2022 urte hasieran martxan egongo litzateke tranbia linea berria.
Bestalde, hiriko hegoalderako adarra (Adurtza, San Kristobal eta unibertsitate-kanpusa), abendurako prest egongo dela iragarri dute.
Mugikortasunaren erronka
Mugikortasunaren alorrean, "joan-etorrien % 70a oinez edo bizikletaz izatea" da Udal gobernuaren helburu nagusia. Modu berean, autobus, BEA edo tranbiaren geltoki bat "etxe guztietatik 300 metro baino gutxiagora" izatea nahi dute.
Azkenik, "joan-etorri guztiak gehienez 35 minututan" egin ahal izatea eta "joan-etorrien erdia garraio publiko elektrikoan" izatea bilatuko dute.
Zentzu horretan, Udal gobernuak hainbat proiektu ditu mahagainean: TUVISAren sarea eguneratzea, BEA ezartzen amaitzea, tranbiaren Salbururako luzapena garatzea eta Zabalgana auzora zabaltzeko eraikuntza-proiektua zehaztea.