Mobilizazioekin jarraituko du Gasteizko Eskalatzaileak Sutan plataformak

Erredakzioa 2019ko mar. 29a, 01:02

Plataformak egindako mobilizazio bat. Egilea: Gasteizko Eskalatzaileak Sutan.

Ez dago konforme Gasteiz Udalak zerbitzuaren kudeaketa esleitzeko deitutako laugarren lehiaketaren baldintzekin. 

Gasteizko Eskalatzaileak Sutan plataformak azaldu du hiru enpresa aurkeztu direla deialdi honetan: abuztura arte Hegoalde, Ariznabarra eta Salburuko rokodromoak kudeatu dituen kooperatiba; Urbaser S.A. eta Ebone enpresa. Telkon enpresak, bere kabuz, baldintza agiria inpugnatu egin duela adierazi du plataformak prentsa ohar batean. 

Balorazioa egiterakoan, plataformak adierazi du irekiera orduei dagokionez, baldintza agiri berriak, gehienez, 9.432 irekiera ordu eskaintzen dituela 14 hilabeteetarako. Horrekin lotuta, azpimarratu du orain arte zegoen irekiera ordutegia hiru instalazioetan mantentzeko, kopurua 15.000 ordukoa izan beharko lukeela. 

Bestalde, salatu du bertan behera utzi dituztela aurtengo eskalada ikastaroen eskaintza; eta bereziki, ikastetxeetatik antolatzen diren umeentzako jarduerak izan direla kaltetuak. Plataformaren ustetan, horrek ikustarazten du Udalak "oinarrizko kirolarekin duen jarrera eta utzikeria".

Horren aurrean, iragarri dute erabiltzaile bezala ez dutela onartuko zerbitzu publiko horren kalitatearen "inongo murrizketarik": "Gasteizko Udalak Kirolaren Hiria saltzen duen bitartean, errealitatea da kirol zerbitzuen prekarietatera eta pribatizaziora joatzen ari dela", arbuiatu du. Gogorarazi du, aldi berean, kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzeko langileen baldintza egokiak "ezinbestekoak" direla.

Gauzak horrela, plataformak jakinarazi du mobilizazioekin jarraituko duela, udal rokodromoen irekiera eta hauen kalitatezko zerbitzua lortu arte. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago