Zazpi hilabete pasa dira udal rokodromoak itxi zirenetik, eta aferari konponbidea eman nahirik Udalak zerbitzuaren kudeaketa esleitzeko lehiaketa deialdi berria onartu du.
Laugarrenez egingo du deialdia Udalak, azken deialdietan aurkeztutako enpresa bakarrak baldintza teknikoak betetzen ez zituela argudiatuta, Kontratazio Mahaiak esleitu gabe utzi eta gero.
Hegoalde, Ariznabarra eta Salburuko rokodromoak kudeatzeko kontratu berriak gehienez 267.289 euroko muga izango du eta Estibaliz Canto zinegotziak azaldu duenez "kontratuaren iraupena 15 hilabetera luzatzeaz gain, orduko ordaintzen den kopurua ere igo egin da eta 23,42 euroan finkatu da; gehienez 9.432 ordu izango ditu kontratuak".
Erabiltzaileen eskaera
Azken hilabeteetan bizi izan den egoera salatzeko Gasteizko Eskalatzaileak Sutan plataforma sortu zuten rokodromoetako erabiltzaileek. Beraien eskaeren arabera Udalak kalitatezko zerbitzu publikoak ziurtatzea, eta langileen lan baldintza duinak bermatzea bilatzen dute. Zentzu horretan azken hilabeteotan protesta ezberdinak egin dituzte, azkena pasa den otsailaren 18an deitutako manifestazioa.
Zortziehun lagun inguru bildu ziren eta Andre Maria Zuriaren plazatik Hegoalde Gizarte Etxea bitarteko ibilbidea egin eta gero, rokodromoaren okupazio sinbolikoa egin zuten protesta amaitzeko.