Eskalatzaileek zaila ikusten dute denboraldi honetan rokodromoak zabaltzea

Erredakzioa 2019ko ots. 18a, 09:48

Manifestazioa Hegoalde gizarte-etxean amaitu zen. ESKALATZAILEAK SUTAN

Zortziehun lagun bildu ziren larunbatean manifestazioan.

Gasteizko Eskalatzaileak Sutan plataformak manifestazioa egin du larunbatean, Udalak hiriburuko rokodromoak ireki ditzan eskatzeko, eta Estibaliz Canto Kirol zinegotzia egiten ari den kudeaketa salatzeko. Kirolariek nabarmendu dutenez, zazpi hilabete itxita egon eta gero, zaila iruditzen zaie 2018-2019 denboraldian instalazioak berriro zabaltzea. 

Zortziehun lagun bildu ziren protestara. Andre Maria Zuriaren plazatik atera zen martxa, eta Hegoalde gizarte-etxeko rokodromoaren okupazio sinbolikoa egin zuten, protesta amaitzeko. Gizarte-etxean zirela, udaltzainak agertu ziren, eta taldearen ordezkari bat identifikatu zuten; "errepresalia larriagoen mehatxupean" kirol-instalazioetatik alde egitea erabaki zuten kirolariek.

Manifestazioaren harira azpimarratu dutenez, ezinbestekoa da Udalak kalitatezko zerbitzu publikoak ziurtatzea, eta langileen lan baldintza duinak bermatzea.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago