Steilas sindikatuak salatu du Montessori Vitoria izeneko eskolak Lehen Hezkuntzan eskolatuta egon behar diren bi haur dituela Gazalbideko lokal batean eta Bakh-en. Sindikatuko kideek egin dute agerraldia gaur goizean, eta, azaldu dutenez, Gazalbideko lokal horretara joan dira eta egiaztatu ahal izan dute Lehen Hekuntzako bi ume daudela bertan.
Sindikatuaren arabera, gainera, eguerdi partean umeak Bakh-era eramaten dituzte, eta zentro honetan haur-aisialdiarekin lotutako jarduerak bakarrik egiteko eskubidea du Montessorik.
Steilas sindikatuak Montessori Vitoriaren kontra neurriak hartzeko exijitu die erakunde publikoei, eta kritikatu dute Udalaren eta Jaurlaritzaren Hezkuntza sailaren aldetik "kontrol falta" dagoela. Halaber BAKH zentroaren jabea den Saski Baskoniari "arduraz" joatzeko eskatu diote, bere garaian "sei urtetik gorako eskolatu gabeko umeen sarrera debekatuko zuela hitz eman baitzuen".