Fiskaltzara bidali dute Montessori auzia

Mirian Biteri 2018ko mai. 17a, 12:15

Eskolako Lehen Hezkuntzako umeak "babes gabe" ote dauden argitu dezala eskatu dio Jaurlaritzak, erantzukizunak zehazte aldera.

Jaurlaritzak Adingabeen Fiskaltzari igorri dio Gasteizko Montessori School Vitoria eskolaren auzia, 2015eko irailean funtzionamenduan hasi zenetik baimen ofizialik gabe jardunean dagoelako. Gasteizko Legebiltzarrean iragarri dute esandako erabakia Hezkuntza sailburu Cristina Uriartek eta Arabako Hezkuntza ordezkari Blanca Guerrerok.

Azken horrek jakinarazi du Hezkuntzak "behin baino gehiagotan eta hainbat bidetatik" ohartarazi diela eskolako arduradunei derrigorrezko hezkuntzan dauden umeei (sei urtetik gorakoak) klaseak emateko baimenik ez duela. Horrekin lotuta, gaineratu du ez duela baimen hori ez dituelako beharrezko egiaztagiriak aurkeztu nazioarteko ikasketa zentro "arautua eta homologatua" bezala aitortua izateko.

Gaineratu du ikastetxeak, gainera, "gabezi teknikoak" dituela, eta horiek ezinezko egiten duela Haur Hezkuntzako Bigarren Zikloan eskatzen diren "gutxieneko baldintzak" betetzea, eta "gabezi" horien konponketen egiaztagiririk ere ez duela igorri.

Prozesua "etenda"

Hori guztia kontuan izanda, eskola zentro homologatua izateko baimena eta erregistroa jasotzeko prozesua "etenda" dagoela aipatu du.

Montessori Schoolek Jaurlaritzari jakinarazi dionez, datorren ikasturtean Lehen Hezkuntzako hainbat familiek omen dute esandako ikastetxean jarraitzeko asmoa; beraiekin harremanetan jarrita, horietako hiruk uko egin diote bertan jarraitzeari, eta beste zortzik arbuiatu dute seme-alabak birkokatzea. Egoera horren aurrean, Jaurlaritzak Fiskaltzara bidali du auzia, ume horiek "babes gabe" ote dauden argitzeko, eta erantzukizunak zehazteko.

Legebiltzarreko talde politikoek  irmotasunez jokatzeko eskaera egin diote Jaurlaritzari; horrekin lotuta, egoera ikusita, eskola itxita egon beharko litzatekeela ere aipatu dute hainbat ordezkari politikok.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago