Haritik tira egiten hasi, eta korapilo handia aurkitu dute Montessori School-en: Eusko Jaurlaritzaren homologaziorik gabe ari da lanean sei urtetik aurrerako haurrekin (Lehen Hezkuntza), Hezkuntza Sailak berak baieztatu duenez.
2015eko irailean hasi zen funtzionatzen eskola (Salburuko Berlin pasealekuan hasiera hartan). Familia asko Hezkuntza Sailera joan ziren orduan, eskolaren lege-egoera ezagutzeko. Ikasturte horretan bertan, Jaurlaritzak eskaera egin zion Montessoriri, egoera legeztatu zezan, baina, oraindik ere, eskolak ez ditu beharrezko baldintza guztiak bete.
Hori dela eta, Jaurlaritza familiekin harremanetan jartzen hasi da, seme-alabak beste eskola batzuetan eskolaratzeko aukera eskaintzeko, bai aurten bertan, bai datorren ikasturteari begira. Izan ere, ofizialki eskolaratu gabe daude 16 familiatako haurrak, –sei urtetik aurrera derrigorrezkoa baita baimendutako ikastetxe batean egotea–.
Arduraduna ikertzen ari dira
Homologazioarena ez da eskola horren irregulartasun bakarra izan: okerreko lizentzia batekin aritu izan dira lokala erabiltzen (hezkuntza-erabilerarako lizentziarik gabe, zehazki), segurtasun-gabeziak antzeman dituzte Udalaren ikuskatzaileek eta, horrez gain, arduraduna ikertzen ari dira –Carme Parra–, berez Mirandako eskola batean irakasle-plaza duelako eta bajan egon delako azken urteetan bere lan horretan, Gasteizko eskolaz arduratu den aldi berean.
Epaitegietan
Epaitegietan ere egon da Montessori School, eskolatik joan ziren familia batzuei dirua eskatzen zielako arduradunak (640 eta 960 euro bitartean); epaileek arrazoia eman diete familiei, klausula horiek "gehiegizkoak" zirela ulertuta.
Sei urtetik beherako haurrekin (Haur Hezkuntza), lanean jarraitzen du Montessori Schoolek, adin horretan ez baita derrigorrezkoa haurreskola edo ikastetxe baimendu batean eskolaratuta egotea.