Nazio Batuetan urrats berri bat egingo du Martxoak 3 elkarteak

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2019ko ots. 27a, 15:04

Giza Eskubideen Batzordearen aurrean exijituko dute Gasteizko sarraskiaren arduradunak ikertzea, Espainiako Justiziak eskainitako bide guztiak agortuta. 

Nazio Batuen Giza Eskubideen Batzordera joko du Martxoak 3 elkarteak, 1976. urtean Gasteizen gertatutako hilketak ikertzeko exijitu diezaion Espainiako Estatuari. Hil honetan aurkeztuko dute salaketa abokatuek. Espainiako Justiziak aurreikusita dituen bide guztiak agortu ditu elkarteak jada, eta Martxoak 3ko biktimek berretsi dute "Espainiako Gobernuaren aldetik ez dagoela borondate politikorik auzia ikertzeko". Andoni Txasko eta Nerea Martinez Martxoak 3 elkarteko kideek azaldu dutenez, zigorgabetasuna apurtzeko helburua du Nazio Batuen aurrean aurkeztuko duten salaketak. "Agerian utzi nahi dugu Espainiako Estatuak behin eta berriro urratzen duela giza eskubideen legedia. Hitzarmen batzuk sinatu ditu, eta hitzarmen horiek apurtzen ari da. Hori agerian utzi behar dugu, eta salatu nahi dugu". 

Martinezek azaldu duenez, tokiko administrazioek, Espainiako Estatuaren parte direnez, ezin dute salaketarik aurkeztu Nazio Batuetan, baina bai norbanakoek zein gizarte eragileek. "Gure txanda da orain batzorde horretara joateko, eta espero dugu, 2015ean egin zuen bezala, Giza Eskubideen Batzordeak argi uztea Espainiako Estatuak ez duela betetzen nazioarteko legedia, giza eskubideen aurkako krimenek ez dutela preskribatzen eta ezin direla amnistiatu". 

NBEren erabakia loteslea da

Martinezek gogoratu du Giza Eskubideen Batzordearen erabakiak lotesleak direla, eta horrenbestez, Espainiako Gobernuak Martxoak 3an jasotako hilketak ikertu beharko dituela, Batzordeak hala agintzen baldin badu. 

Nazio Batuen salaketarekin batera, Martxoak 3 elkarteko kideek nabarmendu dute Diputazioak prest duela ere frankismoko krimenak ikertzeko kereila bat, eta aurki eramango dutela epaitegietara. Frankismoaren biktimak artatzeko bulegoan azken hilabeteetan jasotako ehun bat lagunen lekukotzak baliatuko ditu Diputazioak Espainiako Estatua auzitara eramateko. Horretan Martxoak 3ko gertakariak ere biltzen direla azpimarratu du Txaskok.

Martin Villa, 'persona non grata'

Epaitegietan lortu ez duten justizia beste ekimen batzuen bitartez lortzen ari dira Martxoak 3ko biktimak. Hala, Gasteizko Udalak Martin Villa persona non grata izendatu izana txalotu du elkarteak: "Martin Villa persona non grata izendatu duen lehen udala Gasteizkoa izan da, eta gure ustez, herriaren lorpen garrantzitsua da hori. Herria izan da hauspoa, 43 urte daramatza herriak justizia eskatzen, eta azkenean erakunde publikoak inplikatzea lortu du herriak".

Halaber, asteon bertan, Gasteizko Udalak martxoaren 3ko biktimen aitorpena eraman du Kongresuan egin den Justiziaren eta Oroimenaren aldeko Hirien Sarearen topaketara.

Martxoak 3ko gertakizunen 43. urteurrenaren harira hainbat deialdi egin dituzte eragile ezberdinek iganderako:

  • 13:30 EH Bilduren ekitaldia, Martxoak 3 plazan.
  • 17:00 Gazte Blokearen martxa Aiztogile kaletik.
  • 17:30 Lore eskaintza, Martxoak 3 plazan.
  • 18:00 Manifestazioa, Martxoak 3 plazan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago