Rokodromoen lehiaketa esleitu gabe geratuko da berriro, Gasteizko Udaleko Kontratazio Mahaiak gaur ziurtatu baitu aurkeztutako enpresa bakarrak atzera ere ez dituela bete teknikoen agirian ezarritako baldintzak: "horrenbestez, Kontratazio Mahaiak lehiaketa esleitu gabe utzi beste aukerarik ez du". Hortaz, Udalak zerbitzua mugarik gabe itxita eduki beharko du.
Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Cantok azaldu duenez, baldintza-agiria aurrekoen antzekoa zen, orduen kopurua handituta, baita orduko prezioa ere, 19,85 eurotik 22,97 eurora igo baitzen. Gainera, Cantoren hitzetan, enpresak orduen kopurua handitu nahi izatean datza arazoa. "Ez da lan arazo bat; enpresak apropos handitu nahi du orduen kopurua sailak ezarritakoaren aldean, eta sailak interes orokorra zaindu behar du".
Bitartean, Udalak publizitaterik gabeko prozedura negoziatua idatziko du, enpresei deitu ahal izateko. Errekurtsoa ebatzi bezain laster argitaratuko du hori.