Olarizuko gurutzean atzo izandako sabotajetik aldendu da Mendiolako Administrazio Batzarra. Ekintza hori Kontzejuaren erabakitik kanpo dagoela adierazi dute, ohar batean.
"Batzar Administratibo honek eta Mendiolako bizilagunen Kontzejuak hala erabakita eta berariaz sortu zen Komisioak helburu bakarra dute Gurutzea bota edo, hala balegokio, bertatik kentzeko erabakia bide esklusiboki legezkoak erabiliz burutzeko, gune horretan beste alternatibaren bati leku egiteko".
Bestalde, Udalari egotzi diote "gurutzea eta berau dagoen lurra bere jabetzakoak balira bezala" jokatu izana. Gogoratu dute gune horretan edozein esku-hartze egiteko Mendiolako Administrazio Batzarraren baimena beharrezkoa dela.
Kutzemendi muinoan "segurtasuna bermatzeko eta prebentziorako behar diren ekintzak burutzeko" Udalari baimena eman diotela adierazi dute, baina, modu berean "komunikazioa eta koordinazioa" eskatu dizkiote. Bai Mendiolako Kontzejuak zein Arabako gainerako kontzejuen "erabakitzeko gaitasuna" errespetatzeko galdegin dute.