Indarrak biderkatzeko aukera

Juanma Gallego 2018ko aza. 30a, 12:00

Kalera ez ezik, lantoki eta ikastetxeetara zabaldu da ere Euskaraldia. / ARANTZABELA IKASTOLA

Gogotsu sartu da Euskaraldia Gasteizen, eta urtero hiriburuan data hauetan izan ohi diren euskararen aldeko ekimenekin bat egin du, gainera. Hilaren 14ra arte luzatuko da euskararen aldeko programa.

Urterokoa da Gasteizen euskararen aldeko hitzordua abenduan, baina aurtengoa are bereziagoa izaten ari da, Euskaraldia ere tartean dagoelako. Hortaz, sinergiei probetxua atera eta ahalegina biderkatzea erabaki dute Gasteizko euskaltzaleek. Erabaki horren emaitza da 11 Ber Bi festibala; Udalak, Diputazioak eta Euskara Elkarguneak ahaleginak batu dituzte norabide horretan.

Euskaraldiarekin batera, joan den ostiralean abiatu da ekimena, eta abenduaren 14ra arte luzatuko da. Aspertzeko betarik ez da izan, eta ez dirudi hurrengo egunetan ere hala izango denik, mota guztietako gustuen araberako egitaraua osatu dutelako. Antzerkia, filmak, hitzaldiak, kontzertuak edota karaokea, esaterako. Dena dela, gazteei begirako jarduerek dute protagonismo berezia egitarauan.

Asteburuan Kantari ikuskizuna egin dute, gaztetxoen artean euskarazko kantak sustatu aldera. Aurreko egunetan egindako entseguen emaitzak bikain ikusi ahal izan dira Dendaraban jarritako oholtzan, eta bertaratu ez direnek alea.eus webguneren bitartez ikusi ahal izan dute ikuskizuna, zuzenean. Zabalganean ere haurrentzako giroa izan da larunbatean: besteak beste,  auzo etxean Diskofesta prestatu dute, haur eta gurasoen pozerako.

Astelehenean lehen balorazioak egiteko unea iritsi da. Parral tabernan batu dira ariketa sozialean parte hartzen ari diren zenbait lagun, eta ordura arte izandako esperientzia partekatu dute bertan. Ekimenaren erdialdean egindako behin-behineko balorazio batean, Gasteizko Euskaraldiaren arduradun Oier Azkarraga pozik azaldu da orain arteko ibilbidearekin. "Egia da agian neguko arropa gainean daramagulako edo, txapak ez direla hain nabarmen ikusten kaletik, eta horrek zaildu egiten du ekimena, baina argi dago kalean askoz euskara gehiago entzuten ari dela. Espero genuen baino parte-hartzaile gehiago izaten ari gara, gainera, eta jendeak oraindik izena ematen jarraitzen du. Gizarte etxe gehienetan txapak amaitu dira".

ALEAren urteurrena

Ekitaldiekin jarraituz, ostiral honetan egingo da ALEA jaia Artium museoan, Josu Kareaga magoaren eta Bidelapurrak taldearen laguntzarekin. Modu horretan, ALEAk laster egingo dituen lau urteak ospatuko ditugu. Baina egutegiak beteta jarraitzen du ondorengo egunetan ere. Besteak beste, abenduaren 3an ospatuko den Euskararen Egunarekin batera, politikariek ohiko adierazpen instituzionala egingo dute, eta haur eta gazte literaturaren alorrean euskarara egindako itzulpen hoberenentzako sariak banatuko dituzte udaletxean. Egun horretako arratsaldean etorriko da, ordea, ikusgarriena: neguko ordutegiaren iluntasuna argitzeko, kandelaz egindako mosaiko erraldoia osatuko dute Andre Mari Zuriaren plazan, eta ondoren, musika lagun, Oihanederrera kalejiran abiatuko dira gasteiztarrak.

Ondorengo egunak ere ekimenez beteta datoz: besteak beste, ikus-entzunezkoak, mintzodromoak, liburu baten aurkezpena eta ginkana izango dira. Abenduaren 13an izango da azken hitzordu garrantzitsua, ekimenari behar bezalako agurra emateko. Egun horretan Hesian taldearen Hasiera diskoaren aurkezpena egingo dute. Zuriñe Hidalgo eta Fran Urias Oihanederren izango dira, kontzertu akustikoa eskaintzeko. Seguruenera, eta ordurako Euskaraldia ofizialki amaituta egon arren, artean txapa asko ikusiko dira paparretan, baina, zorte pixka batekin txapa horien esanahia buruan ere ondo txertatuta geratuko da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago