Lau urte, Araban, informazioa euskaraz eskaintzen

Erredakzioa 2018ko aza. 30a, 09:05

ALEA aldizkariak 4. urteurrena ospatzeko ekitaldia egingo du ostiralean, Artium museoan 20:00etan.

2015eko urtarrilean ekin zion bere ibilbideari Arabako Alea egitasmo komunikatiboak, eta, aldez aurretik, Euskararen Nazioarteko Egunean, abenduaren 3an, egin zen jendaurrean aurkezpen publikoa. Egun hartan jaso zuten arabarrek lehendabizikoz ALEA aldizkariaren 0 zenbakia esku artean.

Ibilbide laburra izan arren, proiektuak bilakaera nabarmena izan du, eta bidetik sortu dira alea.eus albiste atari digital berria eta baita gaur egun ezagutzen dugun ALEA aldizkariaren formatu berritua ere. Bilakaera labur baina oparoa izan da orain artekoa, eta etorkizunera begira ere hazten jarraitzeko erronkari eutsi nahi dio ALEAk.

Urteurren ekitaldia

Orain arte egindakoak gogoratu eta etorkizunera begira etorriko direnak ospatzeko, ALEAk urteurren ekitaldia antolatu du datorren ostiralerako Artium museoan, 20:00etan. ALEAko kolaboratzaile, irakurle, iragarle eta orokorrean ALEAkide guztiei bertaratzeko gonbidapena luzatu nahi die ALEAko lantaldeak, kolaboratzaile sare zabal horri esker garatu eta hazi baita proiektua.

Urtarriletik aurrera sorpresa berriak aurkitu ahalko dituzte Arabako euskaldun guztiek, baina giroa berotzen hasteko, ospakizun batekin eskerrak eman nahi dizkie ALEAk orain arte bidelagun izan dituen lagun guztiei. Ekitaldian magia ikuskizuna, photocall berezia, Bidelapurrak taldearen kontzertua eta bestelakoak izango dira. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago