"Mendiolako herri-batzarrak legezko erabaki legitimoa hartu du, honekiko errespetua exijitzen dugu". Hala mintzatu dira eguerdian Mendiolako Kontzejuko kideak, Olarizuko gurutzea eraistearen inguruan sortutako polemikaren harira. Azaldu dutenez, bilera batzuk egin dituzte Gasteizko Udalarekin gaiari buruz mintzatzeko eta bakoitzaren jarrerak argitzeko, eta alkatearekin berarekin ere egon dira: "Bilera horiek giro atseginean eta elkarrekiko errespetuan oinarritutakoak izan dira gaurko egunera arte". Alta, Kontzejuaren esanetan, alkateak "filtrazioak" erabili ditu "Gasteizko biztanleria gure kontra jartzeko, eta mediatikoki gure herria eta herritarrak jipoitzeko".
Halaber, Mendiolako Kontzejuak gogoratu duenez, Gasteizko Udalak piztu zuen gurutzeari buruzko polemika: "Udalak sartu zuen gurutze hau memoria historikoaren ekintzen artean, ikur frankista gisa sailkatuz". Ika-mika konpontzeko bidean, Mendiolako Kontzejua adostasunaren alde agertu da, "baina betiere herri-batzarraren erabakia errespetatuz", eta Olarizuko gurutzea ez eraisteko aukera ontzat eman dute: "Prest gaude Udalak gurutzea mantendu nahi badu, tokiz aldatzeko".