Martxoak 3, 42.urteurrena

Lore eskaintza, zuhaitzen landatzea eta ekitaldiak, Martxoaren 3ko biktimak omentzeko

Erredakzioa 2018ko mar. 3a, 13:11

Goizean, senideak, sindikatuak eta alderdi politikoak Martxoak 3 plazan izan dira, orain 42 urteko sarraskia gogora ekartzeko. Abetxukun, bost haritz landatu dituzte, biktimen omenez.

Goizean goiz hasi dira orain 42 urte Zaramagan hil zituzten bost langileak omentzen, eta plazako eskultura lorez betetzen joan da. Martxoaren 3ko biktimak eta senideak izan dira bertan, sindikatu eta alderdi politikoekin batera. Lehen omenaldia LAB sindikatuak egin du, ondoren izan dira UGT eta PSE-EEko ordezkariak. Podemos eta Irabazi udal taldeetako ordezkariak ere izan dira bertan. Azkenik, EH Bilduren ekitaldia izan da. "Egia. Justizia. Erreparazioa. Hain gutxi, hiru hitz, eta horrenbeste frankismoaren amaierako ekintza kriminal guztiak ezkutatu nahian ari den Espainiako estatuarentzat", adierazi du EH Bilduko bozeramailea Miren Larrionek. Horrez gain, gaur ere "martxoaren 3an parte hartu eta posible egin zuten emakume guztiak" omenduko dituztela gaineratu du.

Horrez gain, Abetxukun ere omenaldi berezia egin dute: bost haritz handi landatu dituzte, Pedro Maria Martinez Ocio, Francisco Aznar, Romualdo Barroso, Jose Castillo eta Bienvenido Pereda omentzeko.

Arratsaldeko omenaldia 18:30ean hasiko da, Martxoak 3 plazan. Ordu erdi beranduago abiatuko da manifestazioa, Andre Maria Zuriaren plazaraino.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago