Martxoak 3, 42.urteurrena

"Gasteizen zegoen zorrari erantzuna eman diogu liburuarekin"

Mirian Biteri 2018ko mar. 3a, 06:00

1976ko martxoaren 3ko gertakarien errealitatea liburu batean jaso dute Zuriñe Rodriguez, Itziar Mujika eta Nora Miralles kazetari eta ikerlariek. Sarraski horren bueltan emakumeek betetako rola aztertu dute horretan.

Aurten emakumeak izango dira Martxoaren 3ko protagonista nagusietakoak; eta emakumeak dira baita ere Itziar Mujika, Nora Miralles eta Zuriñe Rodriguez kazetari eta ikerlariak egiten dabiltzan liburuaren ardatza. Gertakari horietan andreek izandako papera aztertu dute horretan, 40 bat lagun elkarrizketatuz eta euren bizipenak jasoz. Maiatzean ikusiko du argia liburuak.

1976ko martxoaren 3ko gertakarietan gizonezkoen papera aztertu da izan da orain arte. Zuek, ordea, emakumeek bete zutena ezagutu nahi izan duzue.

Hala da, bai. Baina, orain arte egin dena ez da gizonen papera aztertu, baizik eta protagonisten papera; eta gehienak gizonezkoak izan direnez, normalean, emakumezkoak ahaztuta geratu dira. Egin duguna da Gasteizen zegoen zor horri erantzuna eman. Horretarako, urte horietan parte hartu zuten hainbat emakumerekin biltzen hasi gara, eta konturatu gara protagonistak ez direla bakarrik gizonezkoak.

Nondik atera da, zehazki, liburua argitaratzeko ideia?

Egia esan, oso modu pertsonalean atera da. Urte horietan nire aita ere buru-belarri ibili zen protestetan, eta berak niri beti bere istorioa kontatu dit. Nik emakumezkoek zer istorio izango ote zituzten galdetzen hasi nintzaion nire buruari. Bestetik, azken urteotan, Itziar Mujika eta Nora Mirallesekin lan egin dut, eta horiek ere, ni bezala, memoria historikoan adituak dira. Esperientzia pertsonala eta formazioa lotuta, modu naturalean atera zen Gasteizen gertatukoari buruzko liburua egiteko ideia.

Nolakoa izan da jasotako erantzuna? Oker ez banago, agerian geratu da emakumeen bizipen horiek ere izugarrizko balioa dutela.

Bai. Kontua da esperientzia horiek ez zirenez kontatu, Martxoak 3ko historia bera ez dagoela osorik. Edozein gertakaritan egiten dena da pasarte ikusgarrienak baino ez kontatzea. Guretzako oso zaila da ulertzea zer nolako harrera egon zen eta gero zer gertatu zen, Zaramagako etxeetan ez bagara sartzen. Langile asko sartu ziren etxe horietan Poliziatik ihesi, eta bertan emakumeak zeuden jendea lasaitzen eta kafea prestatzen. Historia horiek guztiak orain arte ez dira kontatu, eta beharrezkoak dira. Baina, bide batez, beti esaten dugu ez dagoela eredu bakar bat: hau da, etxekoandreez gain, lantegietan lanean zebiltzan emakumeak, erizainak, irakasleak eta bestelakoak ere bazeuden.

Eta modu askotan parte hartzen.

Hala da. Egia da martxoaren 3aren inguruan asko hitz egin dela Zaramagako emakumeen asanbladako kideez; eta bertan senarrak lantegietan zituzten emakumeez gain, askoz gehiago zeuden, hala nola, politikariak, feministak, ikasleak, langileak, etxekoandreak. Oso zaila da ulertzea martxoak 3ko data hori baino lehenagoko hilabeteetan gertatutakoa emakumeen lan hori ezagutu barik. Oso zaila da hiru hilabeteko greba bat mantentzea norbaitek ez badu hiru patatarekin zortzi lagunentzako bazkaria egiten. Biziki beharrezkoa da horrelako gauzak ere jasotzea, gertatutakoa ulertzeko. Hain justu ere, emakumeek zer nolako estrategiak sortu zituzten greba aurrera egin zezan.

Horrekin lotuta, nolakoak dira elkarrizketatuen profilak?

Askotarikoak. Emakumea etxean zegoenaren irudia eman da askotan, eta ez da horrela. Beraiek ere protagonistak izan ziren. Areitio fabriketan, esaterako, 400 emakume zeuden lan egiten, eta horiek ere kalera atera ziren, barrikadak egin zituzten, pneumatikoak erre zituzten eta polizien aurrean ere jarri ziren. Martxoaren 3an, erizainek eta medikuek izandako papera ere oso garrantzitsua izan zen; batzuek ospitale edo operazio-gela barruan bizi izan zuten eguna. Emakume zaurituak ere egon ziren gertaeretan, eta horietaz ez da berba egiten. Esaterako, Consuelo Lastrak Zaramagako etxe batean lan egiten zuen, eta bertako sukaldean tomate saltsa prestatzen zegoela tiro bat jaso zuen; bera ez zegoen protestetan parte hartzen.

Denera, zenbat andrerekin elkartu zarete azken hilabeteotan?

Dagoeneko 40 bat emakumerekin bildu gara. Hasieran, gure beldurra zen kapazak izango ote ginen askotariko emakumeak elkartzea. Bagenekien beti animatzen direnak oraingoan ere ez zutela hutsik egingo, baina bestelako profila zutenekin zalantza genuen. Harrituta gaude, oso harrera positiboa izan duelako; argi geratu da emakumezkoen istoriak mahai gainean jartzeko beharra zegoela. Horrekin lotuta, uste dugu katarsi sozial moduko bat eman dela lan honekin. Gure aldetik, jarraitzeko asmoa dugu; denbora faltagatik emakume askorekin ezin izan gara bildu, eta testigantza horiek jasotzea beharrezkoa dela iruditzen zaigu, eta elkarrizketa biltegi bat edo sortzea. Liburu batean, hiru orduko testigantza bat ezin dugu osorik sartu, eta hainbat aipu aukeratu behar dituzu derrigor. Elkarrizketa guztiak denon eskura jartzea da asmoa, baina oraindik ez dakigu nola egin. Historia horiek ezin dira galdu, berreskuratzeko premia dago.

Nola egin dituzue elkarrizketak?

Bai, denetarik dago. Hasierako asmoa zen emakume bakoitzarekin banan-banan elkartzea, baina azkenean denetarik egon da. Norbanakoez gain, sei bat lagunen arteko solasaldiak ere jaso ditugu. Beste batean, adibidez, ama eta alaba elkartu genituen; ama erabat hunkituta egon zen elkarrizketa osoan, negar egiten, eta alaba arduratu zen bizipena azaltzeaz. Elkarrizketak egiteko tokiak ere askotarikoak izan dira: taberna batean zerbait hartzen egotetik, protagonista baten etxean, mahaiaren bueltan dilistak jaten egotera. Elkarrizketatuen nahietara egokitzen saiatu gara. Orain arte, patriarkatuaren ondorioz, emakume askoren testigantzak jaso izan dira; baina, esan bezala, senarra, semeak edo bizilagunak bizitakoaren gainekoak, ez eurenak. Egia da kostatu egin zaigula emakumeen istorioak biltzea, eta horretarako, bilkurak egin ahal izateko toki seguruak eta lasaiak bilatzen saiatu gara. Emakume askorentzako, 42 urte eta gero, hitz egiten duten lehen aldia da, eta askok oraindik min handia dute. Hori bai, mingarria izan bada ere, askok esan digute indarberritzailea ere izan dela.

Liburuan, dena dela, ezin dituzue bizipen guzti horiek sartu. Zenbat testigantza jasoko dituzue horretan?

Bukatzen gabiltza, eta oraindik ez dakigu zehatz mehatz zenbat sartuko ditugun, baina asmoa da 22 eta 25 artean sartzea. Hamar bat atal izango ditu liburuak, eta bakoitzean bizpahiru emakumeren bizipenak kontatuko dira. Modu kronologikoan joango da. Martxoak 3 baino lehenago zegoen giroa azaltzen hasiko gara, giro bakoitzeko rol bateko emakumeen testigantzarekin. Gizonezko lantegietan lanean zeuden Pilar Barrena eta Elsa Laconcha (Forjas Alavesas) eta Bego Oleagaren (Orbea) istorioak sartuko ditugu, langileen mugimendua azaltzeko. Gero, emakumezko fabriketan zeudenak agertuko dira, hala nola, Olga Donay edo Esther Ibarrola. Denboran gerturatzen joango gara jarraian, eta etxean lan egiten zuten emakumeez hitz egin dugu, erizainez; ibilbidea egingo dugu gaur arte.

Liburua, noizko kalean?

Maiatzerako. Maketazio eta edizio prozesuan murgilduta gaude orain. Baina, martxoaren 2an, Oihanederren Emeek emana erakusketa aurkeztuko da, eta bertan elkarrizketatu ditugun hainbat emakumeren istorioak eta liburuaren zenbait pasarte jarriko dira.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago