Gasteizko udaltzainek Gorka Urtaranen gobernuak eskainitako azken proposamena errefusatu dute, eta azaroan abiatutako protestekin jarraituko dute, besteak beste, arretazko grebarekin. Atzo, Lakua-Arriaga gizarte etxean bildu ziren udaltzainak, eta udal gobernuaren eskaintza bozkatu zuten: 244 botoen artean, 170 kontrakoak izan ziren, 70 aldekoak, boto txuri bat eta hiru baliogabeko izan ziren. Hau da, agenteen %69,67 proposamenaren aurka agertu da.
Sindikatuek bozkaketaren emaitza jakinarazi diote udal gobernuari, Gasteizko Udaleko langileen batzordeak jakinarazi duenez. Batzordea datorren astean elkartuko da berriz, udalaren erantzunaren zain dagoen bitartean.
Udal gobernuaren azken eskaintza
Urtaranen gobernuak udaltzainei egindako azken eskaintza honek kontziliazioa eta lan eskubideak hobetzeko zenbait proposamen biltzen zituen. Polizien eskakizunei jarraiki, Gobernuak onartu du 'egun gorrietan' (egun zehatz horietan, poliziek ezin dituzte hartu norbere eginbeharretarako edo antzinatasunagatik dagozkien egunak) lan egiten duten agenteei ordainsaria ematea. Gainontzeko egunetan, ordea, baimenak hartzeko aukera izango zuten poliziek.