Udaltzainen eta udal gobernuaren arteko hirugarren bilera egin zuten atzo Agirrelandan, baina ez du ematen Gasteizko poliziaren udal gatazka berehala konponduko denik. Izan ere, udaltzainen sindikatuen hitzetan, Urtaranen gobernuaren proposamena "ez da nahikoa", ez baititu konpontzen "langile faltagatik eta lan eskubideen galeragatik sortu diren arazoak". Gainera, kolektiboaren aldarrikapenak serio hartzen ez dituela salatu dute. Orain egun batzuk, Gasteizko poliziak arretazko grebari ekin zion, besteak beste, 2006. urtetik lan hitzarmenik gabe lanean ari direla eta langile gehiago behar direla salatzeko.
Udaltzain gehiago eta segurtasun pribatua
Lan gatazka honi irtenbidea emateko Udalak mahaigaineratu dituen proposamenen artean, hamabost bitarteko polizia gehiago kontratatzea aurkitzen da. Horretarako, Eusko Jaurlaritzako lan poltsaz baliatuko da Udala, Segurtasun Sailarekin duen akordioari esker. Izan ere, agenteen "defizita" dagoela onartu du udal gobernuak, eta erantzukizuna aurreko legealdiarena dela esan du, "ez zelako lan-eskaintza publikorik egin".
Horrez gain, segurtasun pribatua kontratatzea proposatu du EAJ-PSE gobernuak, zenbait udal eraikin eta Gabonetan Floridako Jaiotza zaintzeko. Hala, lan horiek egiten dituzten poliziak trafikoa kontrolatzera edo hiritarren segurtasunera bideratuko lirateke.
Bestetik, udalak 'egun gorriak' direlakoak murrizteko aukera luzatu du (egun zehatz horietan, poliziek ezin dituzte hartu norbere eginbeharretarako edo antzinatasunagatik dagozkien egunak). Horren ordez, 'egun beltzak' zabaltzea proposatu du, eta txanda bakoitzeko bi langile onartuko lirateke. Azkenik, 2018rako ordainsarien kontzeptu guztietan %1,5eko igoera proposatu die.
Udaltzainentzat udalak eskainitakoa eskasa izan arren, datozen egunetan berriro bilduko direla adierazi dute.
Isunen diru sarrerak hirukoiztu dira
EH Bildu udal taldeak salatu duenez, azken hamabost egunetan ia hirukoiztu egin dira Udalak isunetatik lortzen dituen diru sarrerak. "Zenbakiek erakusten dute udaltzainen arretazko greba egon badagoela. Alkateak ezin du geldirik geratu nagusikeria honen aurrean", adierazi du EH Bilduko zinegotzi Antxon Belakortu.