Urtaranek Errekaleor eraisteko prozesua abian jarri du

Erredakzioa 2017ko mai. 25a, 10:08

Negoziatzeko aukerarik ez dagoela esan du, oposizioak eskatuta egindako agerraldian.

Oposizioak eskatuta, agerraldia egin du eguerdian Gorka Urtaranek, Lan, Garapen Ekonomiko Jasangarri eta Sozietate Publikoen Sustapenerako batzordean, iragan ostegunean Errekaleor auzoan gertatutakoaz azalpenak emateko. "Ez dago negoziatzeko aukerarik, eta, beraz, auzoa eraitsi behar da. Ensanche 21 erakundeari esan diogu prestatzen joan dadila Errekaleor eraisteko proiektua, hori izango baita emango dugun hurrengo pausoa", esan du Urtaranek.

Agerraldian ere Gasteizko hiru batzokitan agertutako pintaden egileak izatea egotzi die Errekaleorreko bizilagunei. "Ez bada eurek esandakoa egiten, liskarrak sortzen dituzte", gaineratu du alkateak.

Argindarraren mozketari dagokionez, 2015eko martxotik "arriskua berehalakoa" dela azaldu du; orduan teknikariek "irregulartasun oso larriak" antzeman zituztenean. "Horrek guztiak sute, istripu, zirkuitulabur eta deskarga arriskua dakar. Eta bihar norbait hiltzen bada istripu baten ondorioz? Zer egingo zenukete? Niri egotzi?", galdetu die EH Bildu, Podemos eta Irabaziko zinegotziei.

Urtaranen hitzek ez dute oposizioa konbentzitu, eta auzoaren garapena moztea eta auzia konpontzeko ezer egin ez izana egotzi diote.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago