Ekainaren 3rako manifestazioa deitu du Errekaleor Bizirikek

Erredakzioa 2017ko mai. 23a, 14:43

Elkarrizketarako borondaterik ez dutela ukatu dute: "Urtaranen adierazpenak engainagarriak eta faltsuak dira".

Aurreko osteguneko gertakizunen aurrean, Errekaleor Bizirikek agerraldia egin du gaur. Etxeetan zein kalean argindarrik gabe daudela salatu dute, eta Gorka Urtaran alkateak egindako adierazpenak "engainagarriak eta faltsuak" direla adierazi dute: "desjabetze bat justifikatzeko iritzi publikoa manipulatu du".

Era berean, elkarrizketarako borondaterik ez dutela ukatu dute. "Beti adierazi izan dugu elkarrizketa zintzo eta zuzen bat izateko nahia, horren adibide dugu, orain hilabete eskas bere bulegora bidalitako gutuna". Bertan, prozesu honi ekiteko gonbita luzatzen zioten auzo askeko bizilagunek.

Auzoko segurtasunari dagokionez, Udalak agindutako argi mozketak auzokideen segurtasuna arrisku larrian jarri duela azpimarratu dute: "arriskuan jarri gaitu, auzo guztia puntu beltza bilakatu eta eraso sexistentzat espazio egokia bihurtuta". Hala, segurtasuna bermatzeko bitartekoak jarri dituzte, eta azpiegituraz eta instalazio elektrikoetaz arduratzen den taldea ari da lanean."Egun, gure instalazio elektrikoek segurtasun irizpide zorrotzak betetzen dituzte, baina Udalak ez du hau egiaztatzeko interesik izan". Horrela, pertsona ahulenen ongizatea eta auzoaren segurtasuna bermatu dituztela azpimarratu dute.

Ekainaren 3an, manifestazioa

Datozen egunetarako mobilizazioak eta jarduerak antolatu dituzte errekaleortarrek. Ekainaren 3rako, esaterako, manifestazio internazionala deitu dute. Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazatik abiatuko da, 17:30ean. "Dei egiten diogu herriari, gurekin amets hau hasi zutenei".

Azkenik, ostegunean atxilotuak eta zaurituak izan ziren lagunei elkartasuna adierazi diete, eta herritarren babesarekin pozik agertu dira, "beste behin argi geratu delako, Errekaleor Bizirik ez dela bakarrik bertan bizi garenon proiektua, baizik eta herriaren isla dela". 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago