Udalak ez du Errekaleorren argindarra berrezarriko

Erredakzioa 2017ko mai. 22a, 12:01

Irudia: Errekaleor Bizirik

Bihar agerraldia egingo dute Errekaleorreko bizilagunek, gertatutakoaren berri emateko.

Udalak ez du Errekaleor auzoan argindarra berrezartzeko asmorik. Hala iragarri du gaur Hirigintza zinegotziak: "ez dugu argiztapen publikoa berrezarriko baldintzak betetzen ez dituen leku batean, are gehiago, hirian bestelako alternatibak daudenean". Bertan bizi direnek Udaletik eskaintzen zaizkien alternatibak onartu ez dituztela gaineratu du zinegotziak.

EH Bildu udal taldeak, berriz, auzoan berriro argia jartzea eskatu du, segurtasuna bermatzeko asmoz. Izan ere, ostegunetik argindarrik gabe daude, eta horrek dagoeneko arazoak sortu dituela azaldu du Miren Larrionek, besteak beste, lapurretak. Gainera, auzoan adin guztietako pertsonak bizi direla ohartarazi du, tartean adingabeak. Guztira, 150 bizilagun ditu auzoak, eta momentu honetan modu prekarioan daudela salatu du EH Bilduk.

Asteartean, agerraldia Errekaleorren

Asteburuan, sorgailuak eskatu ditu Errekaleor Bizirik-ek sare sozialen bitartez, egoerari aurre egiteko. Bihar, asteartean, agerraldi masiboa egingo dute auzoan, gertatutakoaren berri emateko eta hurrengo egunetarako antolatu dituzten jarduerak iragartzeko.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago