Udalak Errekaleorreko eraikinak eraitsiko dituela esan du Urtaranek

Erredakzioa 2017ko mai. 19a, 12:29

Irudia: Errekaleor Bizirik

Atzoko esku-hartzea "zuzena eta beharrezkoa" izan zela adierazi du; "justifikatuta dago".

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek Udalak Errekaleorreko eraikinak eraitsiko dituela esan du, gaur eskaini duen agerraldian. Atzo Errekaleorren gertatutakoa "justifikatuta" dagoela esan du. "Errekaleor auzian, beti esan dugu baldintza minimoak betetzen ez dituzten eraikinetan bizitzeak arriskua dakarrela. Beste leku batzuk eskaini dizkiegu, baina ezinezkoa izan da akordio batera heltzea". Auzo askeko bizilagunak "antisistema" direla gaineratu du, eta "euren helburuetako bat da erakundeekin ez negoziatzea". Gainera, jakinaren gainean zeudela adierazi du, eta gogorarazi du 2015eko otsailean sute bat izan zela okupatutako etxebizitza batean, eta hiru txakur hil zirela. 

Azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzako Industria Sailak eta Iberdrolak errekerimendu bana egin zuten auzo horretako etxebizitzak okupatu dituzten pertsonek duten arriskuez ohartarazteko. "Segurtasuna bermatzea da garrantzitsuena, eta bertan bizi direnek badakite instalazio elektrikoak ez dituela segurtasun neurri guztiak betetzen. Udalaren erantzukizuna da". Atzoko esku-hartzea, beraz, "zuzena eta beharrezkoa" izan zela esan du, "justifikatuta dago".

Gauzak horrela, Udalaren helburua argia dela azpimarratu du alkateak. "Errekaleorreko eraikinak eraitsi nahi ditugu, eraztun berdeari jarraipena emateko". Zentzu horretan, erabakiak berehala hartu behar direla zehaztu du.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago