Hitzaldiak eta antzerkia, LGBTIQfobiaren aurkako eguna ospatzeko

Erredakzioa 2017ko mai. 10a, 14:10

Maiatzaren 17an LGTBIQfobiaren aurkako nazioarteko eguna izango da.

Datorren maiatzaren 17an lantegiak, hitzaldiak eta antzerkia antolatu dituzte,  egun horretan Lesbo-Gai-Transfobia eta Bifobiaren kontrako Nazioarteko Eguna baita. Udalak antolatu dituen jardueren helburua "dibertsitate afektibo eta sexuala zein genero-identitate anitzak ospatzen dituen hiria aldarrikatzea da", nabarmendu du Jaione Aguirre zinegotziak.

1990eko maiatzaren 17an, Osasunaren Mundu Erakundeak gaixotasun mentalen zerrendatik kendu zuen homosexualitatea, sexu-joera eta identitatea gure gizarteen berezko aniztasunaren baitako zati gisa onartuak izaten has zitezen. "LGTBfobiari amaiera ematea ez da bakarrik pertsona jakin batzuek darabilten indarkeria desagerraraztea, horren berme den gizarte eta kultura sistema osoa ere eraldatu behar da. Gasteizko Udala LGTBI politiketan aitzindari izatea nahi dugu, eta xede horrekin partida bat sartu genuen aurrekontu-hitzarmenean, maiatzaren 25ean politika publikoei buruzko jardunaldia egiteko", azpimarratu du Irabaziren bozeramaile Oscar Fernandezek.

Ildo horretatik, egunotan errealitate hori sakonago ezagutzeko zenbait jarduera egingo da hirian. 

Gaur bertan, hilaren 10ean, asteazkena, 16:30etik 20:30era,  lantegi bat egingo da, intersexualitateekin lotutako hainbat alderdiri buruz: terminologiak, aurrekari historiko eta sozialak, historian zehar medikuntzak emandako tratua eta tratamendua, iruditeriak eta estereotipoak.

Maiatzaren 17an, aldiz, Udalbatzak dibertsitate afektibo eta sexualaren aldeko erakunde-adierazpena plazaratuko du.

Maiatzaren 25ean, azkenik, genero- eta identitate-aniztasunarekin lotutako arreta ematen duten udalen esperientziei buruzko mahai-ingurua egingo da. Hauek hartuko dute parte: Meritxell Sáez i Sellarès, Bartzelonako Udalaren LGTBI politikaren koordinatzailea; Nieves Salobral Martín, Madrileko Udalaren TLGBQI osasun komunitarioko programaren aholkularia, eta Vanesa Eguiluz González, Iruñeko Udalaren Berdintasunerako teknikaria.

Jardunaldia amaitzeko, dantza, musika eta antzerkia nahasten dituen Limbo lana eskainiko da Goiuri jauregian.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago