Guardiako Udalaren kontrako epaiketa irabazi duen udal idazkari kontu-hartzaile ohiaren aferaren harira, udalak berak langileari bere "elkartasuna eta babesa" adierazi dio, eta "jasan behar izan dituen zailtasunak eta kalteak" onartu ditu. Tentsio giro batean ostiralean egin den osoko bilkuran, PPk aurkeztutako mozioa onartu du udalbatzak, EH Bilduren babesa jaso baitu. EH Bilduren botoekin alkatetzan den EAJk kontra bozkatu du, ordea.
Adierazpenean, "lan jazarpenari lotutako edozein egoera prebenitzeko eta saihesteko konpromisoa" adierazi du udalak. Modu berean, udal langile guztiei "errespetuan, duintasunean eta elkar kolaborazioan" oinarritutako giroa bermatzearen alde egin du adierazpenak. Horrez gain, oposizioak Raul Garcia Ezquerro alkateak egindako lana zalantzan jarri du. "Udalbatzak alkateari eskatzen dio bere zuzendaritza, kontrol eta polizia funtzioak bete ditzala, errespetuan oinarritutako lan giro egokia bermatuz", dio mozioak.
PPk onartu du epaia ez dela irmoa, eta Garcia Ezquerro berariaz absolbitu duen arren, popularren iritzian "agerian" geratu da alkatearen "lidergo falta", bai eta "zuzentzeko eta kontrolatzeko" gaitasun falta ere. "Guardiako Udala errespetu instituzionalaren, bizikidetzaren eta lan duintasunean eredu izan behar da", argudiatu dute popularrek.
Abokatuek gomendatuta mozioaren bozketan abstenitu den arren, Garcia Ezquerrok popularren jarrera kritikatu du, eta ironiaz baliatu da horretarako. Hala, mozioa irakurri duen Eva Iglesias zinegotzi popularrari "ongi etorria" eman dio. "Izan ere, aspaldi ez baitzenuen parte hartzen udalbatzetan", leporatu dio. Are, Iglesiasi esan dio "idazkariaren eta jazarpen faltsuaren zinegotzigoaren" arduradun izendatu beharko luketela.
Nagore Trepiana alkateorde jeltzaleak Garcia Ezquerroren jarrera babestu du, eta adierazi du gobernu taldea "oso pozik" dagoela, bigarren aldiz eta bi epairen ostean "demostratu delako lan jazarpenik ez dela egon", eta alkatea absolbituta geratu delako. Argudiatu du epaiak bi zio aipatzen dituela idazkariari ordaindu beharreko 31.000 euroko kalte ordaina ezartzeko: udalean arrisku psikosozialen protokolo bat ez izatea eta udalaren kontra emandako lehen epaia errekurritu ez izana. Trepianak aurreratu du udala epaia errekurritzeko aukera aztertzen ari dela uneotan.