Raul Garcia Ezquerro

"Ez dugu turismo gehiago nahi, orain daukaguna zaintzea baizik"

Juanma Gallego 2025eko otsailaren 28a

2022an zinegotzi izatetik alkate izatera pasa zen Garcia Ezquerro, eta 2023ko hauteskundeetan kargua berretsi zuen. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Osasun zentro berria, gasaren hornidura, EDA campusa edota aparkalekuen arautzea dira herriak aurrean dituen erronketako batzuk.

Bigarren legegintzaldiaren erdian dago Raul Garcia Ezquerro (Guardia, 1993) Guardiako alkatea. Lucio Castañeda aurreko alkateak dimisioa eman eta gero iritsi zen alkatetzara, baina azken hauteskundeetan EH Bilduren botoei esker aginte makila berrestea lortu zuen. Gutxiengoan gobernatzea "zaila" dela dio, are gehiago "oso politikoa den" herri batean. Halere, "ilusioz" jarraitzen du.

EDA Drinks & Wine Campusaren egoitzetako bat izango du Guardiak. Ikusten al duzu proiektu horrek eskualdeari ekarpenen bat egin ahalko diola?

Noski. Ilusio handia dugu duela urtebete baino gehiago albiste ona eman zigutenetik. Uste dugu honek Arabako Errioxa eta Biasteri [Guardia] mapan jarriko dituela. Batez ere ardoaren munduan, ez horrenbeste turismoaren alorrean, azken hau Biasterin nahiko bermatuta baitago. Ardoaren munduak bultzada behar du, gure nekazariek kanpoan saldu ahal dezaten. Nire ustez, proiektu hau mugarri bat izango da.

Eta jende xeheari begira? Izan ere, eskualdean badira diotenak agian elitistegia izango dela...

Ez da elitista izango, inondik inora. Proiektu guztiz irekia da, eta eskualdeko upategi guztiek bere instalazioak, ikastaroak eta materialak aprobetxatu ahalko dituzte, jendearen ahalmen ekonomikoa edozein dela ere. Munduari begira ere, kalitatezko ardoak nahi ditugu, eta horrek ukitu berezia emango die. 2025ean lanak hasiko dira, eta arduradunen asmoa da 2027an klaseak eman ahalko direla.

"EDA ez da elitista izango: irekia izango da, jendearen ahalmen ekonomikoa edozein dela ere"

Eraikina nolakoa izango da?

Eraikina, nire ustez, oso egokia da. Diseinu oso polita eta berezia du, ingurunea errespetatuko duena. Bi solairu izango ditu, horietako bat lurrean, eta beirateria bat izango du. Horrek ahalbidetuko du barrutik paisaia ikusi ahal izatea, eta kanpotik barruan zer egiten ari diren ikustea ere. Zabaltzak estaldura begetala izango du, eta hor bertan zerbait edan ahal izango da.

Herriko osasun zentroa Barbacana ingurura mugitu nahi duzue. Zer egoeratan dago proiektua?

Gure helburua da aurten horretarako behar diren arauen egokitzapena onartu ahal izatea. Osakidetzako ordezkariekin bildu naiz, eta orubea ikusiko dute berriro. Osakidetzaren konpromisoa dugu 2026an proiektua egiteko. Aurten hirigintza tramitea bukatu behar dugu, osasun zentroa eraiki ahal izateko. Inoiz baino aurreratuago dago, hogei urtez geldituta egon ostean. Dena ondo bidean, espero dut legegintzaldia bukatu aurretik proiektua bukatuta izango dugula.

Duela hainbat hilabete herrian TAOa jarri zen. Horren kontrako sinadura bilketa egon zen, besteak beste, herrira inguruko jende gutxiago hurbilduko zelakoan.

Berez ez da TAOa, trafikoa arautzeko ordenantza baizik, Biasterin ez daukagulako ordainpeko aparkalekurik. Guztiz doakoa da Biasterira etortzea, eta hori arraroa da toki turistiko batean. Araudia martxan ipini aurretik 300 aparkaleku egokitu ziren igogailuaren ondoan. Aparkalekuak hobetu ziren, baita igogailua bera ere. Ondoren, egoiliarrentzako eremu esklusiboaren alde egin zen. Doakoa da, eta egoiliarrek egin behar duten bakarra da urtean hamar euro balio duen txartel bat erostea. Zergatik jarri da horrela? Kontua da leku turistikoa izanda, bertoko negozioengatik, bertigo pixka bat ematen digula turistentzako ordainpeko eremuak jartzeak. Horregatik, egiten den bakarra da egoiliarrentzako eremu bat erreserbatzea; goiko aldean, harresian. Udal honek turismoaren alde egiten du, baina ez dugu handitu nahi. Turismoa mantendu nahi dugu, baina, horretarako, garrantzitsuena da auzokideak zaintzea. Hona etortzen den jendeak bisita errepikatzen du, herri polita delako, ondo jaten delako, eta giro ederra dagoelako, baina baita herrian bizitza ikusten delako ere. Ikusi dugu azken urteotan soilik turismoaren alde egin dela, eta ez Biasteriko bizitzaren alde. Gero eta etxebizitza huts gehiago daude, batez ere harresien barruan, eta horrek ere turismoa uxatu dezake. Santillana del Mar herriaren adibidea jartzen dut beti. Guztiok joaten gara hara, baina agian zortzi urtean behin edo egiten dugu bisita hori, goizeko zortzietan ireki eta gaueko zortzietan ixten den herria delako. Trafikoaren kontura bueltatuz, herritar guztiek egoiliarren txartela atera dute, eta gaur egun aukera dute aparkatzeko edozein egunetan. Horrek hobetu du herritarren bizitza, betirako, eta esango nuke auzokideen %90 baino gehiago pozik daudela. Eskualdeko jendearen etorreraren handicapa genuen. Horregatik, proiektuan errotazio handiko eremua aurreikusita dago, eskualdeko jendeak erosketak egiteko aukerak izan ditzan, eta hori egiteko korporazio osoaren babesa izan dugu. Baina berriro eseri garenean eremu gorriak zehazteko, desadostasunak azaldu dira, eta oposizioak ez du parte hartu. Guk eskua luzatu nahi diegu, akordioak lortzeko. Eta hobekuntza gehiago egin daitezke, baita herritarren ekarpenekin ere. 

Turismoan, beraz, ez duzue aldaketarik nabaritu...

Bisitariak zertxobait handitu dira, turismo bulegora egindako bisiten arabera, baina, egia esanda, hori da esku artean izan dezakegun adierazle bakarra. Baina, modu berean, egia da ere batez ere jende gazteak gero eta ohitura gutxiagoa dutela turismo bulegoetara joateko. 

Guardia oso "herri politikoa" dela dio alkateak, baina "pozik" dagoela dio. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Udalaren idazkari kontu-hartzaile ohiaren inguruan tirabira ugari egon dira. Zuk zeuk lan jazarpena egin diozula esan du. Zer duzu esateko? 

Ezin dut askorik esan, epaiketaren zain dagoen kontua delako. Baina bai esango dizut salaketa hori faltsua dela, udal honek bere langile guztiak oso ondo zaintzen dituelako, eta hori hemengo edonork esango dizu. Pertsona honek alde egitea erabaki zuen, eta hemen topera jarraitzen dugu lanean.

Nolakoa da orain oposizioarekiko harremana?

Aparkalekuen eta beste zenbait gairen inguruan sortutako desadostasunak estrategia politiko bati egozten dizkiot, EAJ izan delako botoetan gehien hazi den alderdia, eta hori gertatu da, gainera, gobernuan egon eta gero. Uste dut batez ere EH Bilduri aurreko legegintzaldian gurekin gobernatu izanagatik ez zaiola ondo joan, hauteskundeetan beherakada nabarmena izan zutelako. Inertzia orokorra, gainera, kontrakoa zenean: EH Bildu gorantz eta EAJ beherantz. Esango nuke bai EH Bilduk zein PPk horregatik egiten dutela mota honetako oposizioa. Legegintzaldi konplikatua izaten ari da, gutxiengoan gobernatzea ez baita erraza. Baina zenbait gaitan uste dut oposizioa ez dagoela maila nahikoarekin erantzuten ari. Garbigunearen kasuan, adibidez, soilik gobernu taldearen kontra jotzeagatik oztopatu dute kontua. Dena dela, gauzak ateratzen ari dira, eta udal gobernu talde gazte eta ilusionatua dugu, nahiz eta zenbait udal bilkura zertxobait tirabiratsuak izan. 

Akordioa egon zen, ordea, Kuadrillaren izenean Guardia kentzearen kontrako erabakiarekin...

Denok ados geunden eskualdeak izen hori mantendu behar zuela: Laguardia-Arabako Errioxa. Errioxatik ezberdintzeko modua zelako, batez ere gure ardogintzari begira. Bere garaian Logroñoko komunitatea Errioxa izendatzea akats bat izan zen. Beste behin, hainbat Errioxen inguruan nahasmena sortzeko arriskua ikusten dugu. Laguardia izena izatea ondo datorkio Arabako Errioxari, ezaguna delako. Noski, beste udalerrietako kideen jarrera ulertzekoa da, eta errespetatzen dut hartu den erabakia. Udalean talde guztiok ados geunden arren, esan beharra dago, ordea, Arabako EH Bildu izan zela, hain justu, izena aldatzeko eskatu zuena.

Guardia, Laguardia, Biasteri... herriaren izena bera beste tirabira toponimiko bat da...

Hedabide askori esan diegu: Guardia ez da existitzen. Izena aldatu dezakeen bakarra osoko bilkura da, eta 2019an, PP alkatetzan zegoela, erabaki zen aho batez Biasteri herria euskaraz ere Laguardia izango zela. Euskaltzaindiari jakinarazi zaio, eta espedientea itxita dago. Biasteri euskaraz ofizialki Laguardia da, udal bilkura delako izena erabaki dezakeen bakarra; ez Euskaltzaindia. Ez dugu Guardia erabiltzen, eta akatsa da erabiltzea. Udal honek Biasteri erabiltzen du bere idazki guztietan, uste dugulako gure izena dela, izen herrikoiena... Euskaltzaindiak ez zigun aukera eman Biasteri erabiltzeko, eta horregatik lehenetsi zen Laguardia euskaraz. Hau da, Laguardia bozkatu genuen, baina euskaraz ari garenean Biasteri erabiltzen jarraitzen dugu. EAJren izenean baino ezin dut hitz egin, orain, adibidez, ikusten dudalako EH Bilduk ez duela Biasteri erabiltzen, bere garaian babesten zuen arren.

Kantabria Mendilerroaren izendapena ere beste klasiko bat da: gaur egun Euskaltzaindiak Toloño erabiltzera behartzen duelako.
 
Kontu honetan nik Biasteriko EAJren izenean baino ezin dezaket hitz egin, eta guk beti babestu dugu Kantabria dela gure mendilerroaren izena.

Osasun zentroaz gain, zeintzuk dira hurrengo proiektuak herrirako?

Gasa sartzeko laugarren fasea abiatzen ari da orain. Upategien egiturak indartu dituzte, eta espero dugu urte amaierarako herria bukatuta egotea. Bosgarren fase bat ere egongo da, eta, horrekin, aukera egongo da auzokide guztietara iristeko. Espero dugu hiru urtean dena bukatuta egotea, bost milioi euroko inbertsioarekin. Alde Zaharraren eta La Loberaren arteko lotura espaloiekin egitea lortu dugu, oinezkoentzako loturarik ez zuen auzoa zelako. Aurten foru planean eskatu nahi dugu zeharbidea egin ahal izatea, espaloi eta farolekin. Nekazaritza bideak hobetzen jarraitu nahi dugu. Victor Tapiaren teilatua berrituko da, eta Oliogintza eta Ardogintza gradua ere hor dugu. Lasernan, El Campillarren eta Paganosen ere hainbat hobekuntza egin ditugu. Mantible zubiko inguruak txukunduko ditu aldundiak, eta zorua lagako diegu. Behatoki bat egingo da, eta oso eremu txukuna geratuko da.

Alkate gisa, nola daramazu?

Harro egoteko modukoa da, baina gogorra da. Biasteri oso herri politikoa da, eta une gogorrak ere badira, familiarentzat zein niretzat. Baina, pozik nago, alkatetzan daramatzagun sei urteetan Biasteri eraldatzea lortzen ari garelako. Parte hartzeko proiektuak daude, eta edonor sartu daiteke udalean, lehen ez bezala. Euskararen, berdintasunaren eta kulturen arteko bizikidetzaren aldeko proiektuak egin dira, besteak beste. Joaten garenean, espero dut aurreko Biasteri ez bueltatzea.

Batzarkide berria zaitugu ere...

Oso pozik nago Batzar Nagusietan alderdiak lurralderako duen proiektua babesten, baina bereziki asko ikasten ari naizelako. Asko dakien jendea dugu inguruan, eta Biasterira ekimenak ekartzeko ere oso baliagarria gertatzen ari zait bertan parte hartzea.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago