Lezak 30.a hartuko du igandean

Juanma Gallego 2025eko irailaren 11

Hemeretzi herrietako ordezkariek uztaren laginak bota eta batuko dituzte. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Hilaren 14an ospatuko da mahats bilketaren jaia, egun osoko egitarauarekin

Igande honetan Arabako Errioxako Mahats Bilketaren jaiaren 30. edizioari ekingo diote Lezan, bertako ardoak ezagutarazi, eskualdeari berari balio eman eta bertakoen arteko harremanak sustatzeko.

Iaz Moredan ETS taldekoek eman zuten pregoiaren lekukoa hartuz, Guardiako Oscar de Marcos futbolari ohiak emango du aurtengo sarrera. Ondoren, herri bakoitzaren ordezkari gisa datozen hemeretzi bikote gazteek mahatsak botako dituzte kupela batean, eta beste bikote batek mahatsak zapalduko ditu orduan. Fruitu horietarik erauzitako lehen muztiorekin topa egingo dute bertaratutako agintariek eta gonbidatuek.    

Tradizioari jarraiki, herri bakoitzeko postuetatik igaroko den ibilbidea osatzeari ekingo diote. Oraingoan, udalerri bakoitzak bere postua izango du, eta hamaseigarren postu batean emango dute administrazio batzarretatik eskainitako ardoa (Gorrebusto, Labraza, Gatzaga Buradon eta Páganos). 

Hamar euroan salduko diren kopek eskubidea emango dute bost ardo dastatzeko, baina, horrez gain, askotariko kontuetarako aukera egongo da. Besteak beste, Lezako ardoen dastatze gidatua, aizkolariak, pilota partidak, dantza, umeentzako jolasak eta artisautza. Elkartasunak ere bere lekua izango du, tartean Amor sin barreras eta Zaporeak gobernuz kanpoko erakundeek informazioa eta materiala eskainiko dituztelako.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago