Lesbosen (Grezia) aspalditik kanpalekuetan pilatuta dauden iheslarientzako janariak prestatzen urteak daramatza Zaporeak gobernuz kanpoko elkarteak, eta, bide horretan jarraitu ahal izateko, arroz bilketa antolatu dute igande honetan Arabako Errioxako udalerri guztietan.
Aurretik Gipuzkoan ere bilketa egin zuten, eta, "arrakasta handia" izan zutenez, Zaporeak elkarteko kideek erabaki dute ekimena gainerako probintzietara eramatea. Arabaren kasuan, kuadrilla guztiekin bilerak egin dituzte dagoeneko, eta, bilera horien emaitzak hasiak dira gauzatzen. Hala, ekainaren hasieran bilketa antolatu zuten Mendialdean, eta igande honetan Arabako Errioxaren txanda izango da: bertako udaletxe guztietan jasoko dute arroz luzea, 11:30etik 14:30era.
Arroz luzea eskatzearenak badu zergatia, Zaporeak elkarteko kide Helena Ruiz de Azuak azaldu duenez. "Asteko zazpi egunetik lautan arroza erabiltzen dugu sukaldean. Asko gustatzen zaie, kasurako, oilaskoarekin; edo garbantzuei ere arroza botatzen diegu. Izan ere, beren gustuetara moldatu nahi dugu, eta horregatik menu gehiena arrozarekin egiten dugu".
Zaporeakek eskertu du kuadrillaren kolaborazioa. "Gogoa azaldu dute aurrera egiteko. Erraztasunak jartzen dituztenean, intentzioa ona denean, dena askoz errazagoa da", nabarmendu dute.
3.000 otordu egunean
Ruiz de Azuak gogora ekarri du Lesbosen "egoerak oso larria" izaten jarraitzen duela, "milaka lagun daudelako kanpalekuan bizitzen, plastikozko karpetan, edo kontainerretan. Ez dute eskubiderik irlatik mugitzeko, umeak eskolara eramateko edota otordu duin bat izateko". Hori dela eta, jatea "eskubide bat izateaz gain, oinarrizko behar bat ere badelako", boluntarioak zein bertan lanean dituzten iheslariak ahalegintzen dira egunero "otordu duin bat” bermatzen. "Otordu bakoitzarekin elkartasun mezu bat bidaltzen saiatzen gara ere".