Espainiako Aldizkari Ofizialak Energia Politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusiaren ebazpena argitaratu du ostegun honetan, eta onura publikoaren izendapena aitortu diote Labrazako parke eolikoari eta horrekin lotutako energia garraiatzeko ebakuazio azpiegiturari.
Iberdrolak prentsa ohar bidez adierazi du izapide horrek proiektua gauzatzeko behar diren prozedurak arintzen dituela. Izan ere, aurretiazko administrazio baimen guztiak eskuratu ostean dagoeneko eskatu diote obra lizentzia Oiongo Udalari.
Aixeindarrek, Iberdrolak eta Energiaren Euskal Erakundeak sortutako sozietateak sustatutako parkea da Labrazakoa, eta 200 metroko zortzi aerosorgailu instalatuko ditu (40 megawatt, guztira). Guztira, 49 milioi euroko inbertsioa egingo du.
Iberdrolaren arabera, instalazioa hedatzeko oinarri sendoa finkatu du onura publikoaren izendapenak, "tokiko garapenarekiko konpromisoa indartuz eta proiektuaren bideragarritasuna bermatuz".
"Lurralde integrazioa"
Energia enpresak iragarri du, halaber, crowdlending finantzaketa prozesu bat martxan jarri duela, non pertsonek dirua mailegatzen diete beste pertsona edo enpresa batzuei online plataformen bidez. Iberdorlaren arabera, "arabarrak parkearen jabe bihurtzeko, proiektuaren inbertsio ekonomikoaren parte izateko eta errentagarritasun erakargarria lortzeko" asmoa du prozesuak, "energia eredu iraunkorrago baterako trantsizioa bultzatzen den bitartean".
Era berean, Iberdrolak azpimarratu du Labrazako proiektuak CONVIVE izeneko programako neurriak jasotzen dituela, "lurralde integrazioa eta ingurumenarekiko errespetua maximizatzeko". Horien artean, aipatu ditu hegaztien eta kiropteroen babeserako neurriak, "aerosorgailuak disuasio, detekzio eta geldialdi automatikoko sistema berritzaile bat ezarriz".
Halaber, ingurunearentzako "zuzeneko onura ekonomiko eta sozialak ere aurreikusten dira: udal aurrekonturako zerga ekarpena, egoiliarrentzako energia kostuaren murrizketa, ongintzako lasterketak babesteko programak eta ibilgailu elektrikoentzako karga puntuen instalazioa", besteak beste.